Uste zuen egun arrunt bat izango zela, beste edozein bezalakoa. Kafe egin berri bat hartzen ari zen lasai-lasai sukaldean, ateko txirrinak jo zuenean. Beti irekitzen zuen atea konfiantzaz, behatxuloa begiratu gabe.
-Egun on. Zer nahi duzu.
-Egun on. Erretiroen likidatzailea naiz. Gobernutik bidaltzen naute. Hemen duzu nire akreditazioa. Sar naiteke?
-Bai, noski. Aurrera. Kafe bat nahi duzu?
Etxeko nagusiak kafea prestatu ondoren, sukaldeko mahaian eseri ziren biak.
-Esan didazu zinela...?
-Erretiroen likidatzailea.
-Ez nuen inoiz horrelakorik entzun.
-Normala da. Gu erretiratuen etxeetara etorri ostean, hauek ezin dute ezer kontatu.
-Uste dut ez zaitudala ulertzen…
-Bakarrik bizi diren adinekoengana joaten gara, eta tratu bat eskaintzen diegu. Dakizunez, gero eta adineko gehiago daude erretiroa kobratzen eta gazte gutxiago lanean. Horregatik, arazo ekonomiko ugari ditugu denei pentsioak ordaintzeko.
-Orain ulertzen dut. Tratu bat eskainiko didazu; erretiroko dirua aurreratuko didazue, urte gehiago ez kobratzearen truke edo halako zerbait.
-Kar, kar, kar... Guk ez daukagu dirurik hori eskaintzeko.
-Orduan?
Orduan, likidatzaileak, erretiratuari tinko begiratzen, galdetu dio:
-Benetan maite duzu herri hau?
-Zer galdera mota da hori? Izugarri maite dut herri hau. Nire familia hemengoa da betidanik. Eta nik beti ordaindu ditut nire zergak eta gure herriaren alde lan egin dut.
-Orduan... Edozer egingo zenuke zure herriagatik?
-Bai horixe! Zer egin behar dut?
-Hil egin beharra daukazu.
-Nola?!
-Hala da. Zuk erretiroa kobratuko duzu hil arte. Beraz, ez kobratzeko modurik onena zu hiltzea da.
-Baina hori astakeria bat da. Beste modu bat egongo da. Uko egin diezaioket..
-Ezin da. Inork ezin dio uko egin pentsioari. Susmoak piztuko genituzke gobernuarekin ituna dagoela, eta erretiratuei presioa egitea leporatuko ligukete, beren diruari uko egin diezaioten. Hiltzen bazara, berriz, inork ez du jakingo.
-Ez dakit. Oso irtenbide erradikala iruditzen zait.
-Oso erraza da. Baietz esaten badidazu, oraintxe bertan hilko zaituen injekzio bat jarriko dizut. Jende asko sartzen da. Azkenean, inor ez baduzu... Zer axola dizu?
-Gizona, nire bizitzaz gozatu egiten dut...
-Gozatu?! Benetan zure lurra maite izango bazenu, estatuaren alde sakrifikatuko zinateke.
Erretiratua bere aulkitik altxatu zen. Bere bizitza gustatzen zitzaion. Mendira joaten zen, hondartzara, bidaiak egiten zituen... Familiarik ez izateak ez zuen esan nahi bizimodu tristea zuenik. Baina, beste alde batetik, aitak beti irakatsi zion aberriaren garrantzia, eta jada ez zegoen arren, uste zuen harro sentituko zela proposatutakoa onartzen bazuen. Orduan, likidatzaileari begiratu eta esan zion:
-Azkarra izango da?
-Minutu bat baino gutxiago.
-Eta min emango dit?
-Inola ere ez.
-Ongi da. Egin dezagun.
Agureak, lasai, erabili zituen kafeontzia eta katiluak garbitu zituen. Gero likidatzaileak sofara joateko esan zion, horrela telebista ikusten ari zela eta bihotzekoak eman ziola pentsatuko zuten. Eseri, telebista piztu, besoa altxatu eta likido garden bat jarrio zion besoan. Segundo batzuen buruan, jubilatuak konortea galdu, eta lasai geratu zen lo.
Funtzionario faltsua pozik zegoen. Erretiratua esnatu eta etxe hartan balio zuen guztia lapurtu ziola konturatzen zenerako, urrun egongo zen.
Txema Tocino.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.