Iritzia

Sandaliak

Erabiltzailearen aurpegia Txema Tocino 2023ko urr. 5a, 11:45

Argazkia: TXEMA TOCINO

Ikusiko dute gure seme-alaben seme-alabek ura zerutik erortzen? Ezagutuko ote dute negua? Noiz arte bizi gaitezke tenperatura igoera honekin? Noiz aldatuko ditugu gure ohiturak denon etxea babesteko? 

Ingelesa ikasten ari naiz. Jende askorentzat gainditu gabeko ikasgaia. Klasean Rod Stewarten abesti ezagun bat jarri ziguten. Famatua askorentzat, nik bitan edo hirutan entzuna, baina ez nekien berarena zela. Horretan leloak I wanna know have you ever seen the rain (jakin nahi dut ea inoiz euririk ikusi duzun) esaten du. Niri, euskalduna eta jaiotzez bizkaitarra izanik, Gatiburen Euritan dantzan etortzen zait burura aipamen berarekin. Ura.

Orduan nire oinak begiratzen ditut, eta sandaliak ikusten ditut. Erabilgarriak eta freskoak. Maiatzean erosi nituen pentsatzen herri honetan oso gutxi erabiliko nituela, baina Kataluniako kostaldeko oporretan ez nituela kenduko. Han pila bat erabili ditut. Eta hemen ere ez ditut ia kendu. Eta begirada altxatzen badut, betikoa: euririk ez.

Batzuk esaten zuten Covidaren pandemia elkartasun ikasgaia izango zela gizartearentzat. Gaixotasun oso larria zen, eta albokoa babesteko maskarak, gela eta txertoa erabili beharra geneukan. Eta ardura, noski. Hori inportantea zen. Baina ama lurra zaintzeko erantzukizun hori ahazten zaigu. Kontaminatzen jarraitzen dugu eta planetako baliabideak infinituak balira bezala kontsumitzen.

Ikusiko ote dute gure seme-alaben seme-alabek ura zerutik erortzen? Ezagutuko ote dute negua? Noiz arte bizi gaitezke tenperatura igoera honekin? Noiz aldatuko ditugu gure ohiturak denon etxea babesteko? Ziur aski, ura lepora iristen zaigunean. Fikzioen moduan, noski.

Txema Tocino.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago