Kafe bat hartzen ari naiz zentroko taberna chic batean. Buelta bat ematera atera naiz, baina kafeinaren deia entzun dut eta hemen nago eserita momentu honetaz disfrutatzen. Oraingoa sentitzen eta nire eguneroko dinamikan atseden txiki bat hartzen.
Gogoratzen dut duela urte batzuk lagun batek esan zidala ezbehar bat gertatzen zaizunean munduak bira egiten jarraitzen duela, baina zu geldirik sentitzen zarela. Dena kanpotik ikusten duzu, telebista batean bezala. Gero, denbora pasa ahala, konturatzen zara berriro giza-itsaso horren olatuen artean murgildu zarela berriro eta korrontean sartu zarela. Baina ez zara berdina. Gertatutakoak markatu egiten zaitu.
Ezagutzen dut emakume bat txarto pasatzen ari dela. Minbizia izan du birritan. Bere mundua gelditu da. Beldurra, mina, sufrimendua,... Mamu pila bat egon omen dira egunero bere inguruan. Baina ez dago bakarrik. Bere ingurukoen maitasuna dauka. Eta laguntza hori ezinbestekoa da.
Beraz, lerro hauek irakurtzen ari bazara eta halako egoera batean bazaude, zuri ere, nahiz eta ez ezagutu, nire energia ona bidaltzen dizut kafe honetatik. Eta ea goiz elkartzen garen itsaso honetako korronteetan murgilduta berriro.
Txema Tocino.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.