Duela egun batzuk futbol entrenatzaileak eta beste profesional asko estatuko futbol federakundearen presidente ohiaren diskurtso polemiko bat txalotzen ikusi genituen. Batzuk altxatu ere egin ziren bere nagusiari zioten babesa erakusteko. Askok, hurrengo egunetan, damutu zirela esan zuten, eta gaur, bere postuetan jarraitzen dute.
Galdetu ziotenean eskuineko talde baten bozeramaileari bere iritzia kongresuan euskararen erabilerari buruz, esan zuen bere taldekideek "ez zutela kaneloarena egingo". Gero euskaraz hitz egiten atera zen… Beste alde batetik, gaur egun Europan euskaraz, katalanez eta galegoz hitz egitea defendatzen duen alderdiak euskara ez dakiten hautagaiak aurkezten ditu Euskal Herrian.
Haize orratzen estrategia normalizatu dugu. Askok iritzia aldatzen dute haizeak jotzen duen norabidearen arabera. Ez gara harritzen pertsona publiko batek gaur gauza bat esan eta bihar kontrakoa badio. Non geratu da emandako hitzaren zintzotasuna? Gaur inoiz baino gehiago, hitzak haizeak eramaten ditu…
Txema Tocino.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.