200€

Erabiltzailearen aurpegia Txema Tocino 2023ko ira. 7a, 12:00

Argazkia. PIXABAY

Kapitalismoaren txanponaren bi aldeak hiri berean. Sistemak airera bota zuen eta aurpegi ona tokatu zitzaien. Zoria ankerra besterentzat.

Lagun batekin hizketan egon nintzen atzo. Aita izan da orain dela egun batzuk. Ume polita du, eta gurdian dotore jantzita eramaten du. Baina, dakizuenez, bizitzan poztasuna ez da osoa izaten inoiz. Aitortu zidan kezkatuta zegoela emazteak eta berak bakarrik 200 euro dauzkatelako hilabetea amaitzeko. Fardelak, esne berezia, arropa,... Inbertsio erraldoia egin behar da aita edo ama izateko.

Lotsatuta zegoen. Bizitza osoa egon dira lanean, baina beraien soldatak oso baxuak izan dira eta esfortzua ez da nahikoa izan. Beraz, ez zaie beste erremediorik geratu eta lagunei eta instituzio publikoei laguntza eskatu diete. Bilatzen jarraitzen du, baina ez du lan duin bat aurkitzen. Desesperatuta dago.

Etxera bueltan, tabernak jendez gainezka ikusten ditut, gazteak bankuetan eserita mugikor garestiekin bideoak egiten famatuak izateko itxaropenarekin, futbol zaleak taldeetako kamisetekin,... Kapitalismoaren txanponaren bi aldeak hiri berean. Sistemak airera bota zuen eta aurpegi ona tokatu zitzaien. Zori ankerra besteentzat.

Horregatik txanponek, txanponak izateko, bi alde izan behar dituzte. Berdinak balira, klase ezberdintasun hori ez litzateke existituko. Eta hori ez zaie interesatzen txanpona airera botatzen dutenei.

Txema Tocino.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago