Hainbeste orduko bidaiaren ondoren, nekatuta nengoen. Hain leku politera joateak pena merezi zuen, baina bidaia luzeegia egin zitzaidan. Sei ordu autoan gehiegi dira niretzat. Telegarraiatzeko makina bat izatea gustatuko litzaidake (familia eta maletak, noski). Baina, oraingoz, ematen du horretarako itxaron egin beharko dudala...
Ohe gainean etzan nintzen irakurtzeko, eta liburu elektronikoan ez neukan bateriarik. Duela hamar urte baino gehiagotik daukat bat eta oso ondo dabil, baina kargagailu zahar bat dauka, eta ahazten bazaizu, oso zaila da beste bat aurkitzea. Eta hori gertatu zitzaidan. Nire emazteari arazoa azaltzean, lasai egoteko esan zidan eta liburua mugikorrean sartu zidan. Bost segundotan liburua neukan nire poltsikoan. Magia! Ez, teknologia.
Baina liburuak nahi den lekura eramateko erraztasun hori guztia gorabehera, liburu dendak ez dira desagertu. Musikaren munduan, ia desagertu egin dira zintak, CDak eta diskoak. Pelikula bat ikusteko, jada ez da bideo zintarik edo DVDrik behar. Eta irakurtzeko, aspaldidanik, ez da paperezko obraren kopiarik behar. Hala ere, nahiz eta egia izan gutxiago daudela, oraindik ere liburuak saltzen dira eta paperezko inpresioek bizirik diraute. Irakurketaren munduan bi formatu daude. Ez dago bat bestea akabatzen ari denik.
Zein ikaskuntza ona atera dezakegun gizakiok literaturatik...
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.