Supermerkatuan erosketa egiten nengoela, ilaran lagun bat aurkitu nuen. Agurtu ondoren ikusi nuen igeltsu bat zeukala besoan. Kobertura zuria ukondotik hatzen puntaraino. Kontatu zidan lantegian makina batek eskua harrapatu ziola eta bi atzamar galdu zituela. Gainera, ezbeharra gertatu zenean, bakarrik zegoen eta nahiko denbora pasatu zen laguntza jaso arte.
Karl Marxek lanak duintasuna ematen digula esaten zuen. Eta txikitatik gure ikasketak bideratzen dituzte duintasun horren bila. Gure bizitzako urte pila bat ikasten pasatzen dugu, ametsetako lanpostu hori lortu arte. Baina ez dute bakarrik gazteek ikasten. Badago jendea bere lan bizitza osoa oposaketa prestatzen pasatzen duena, lanpostu bat edo hobespen bat lortzeko.
Agian badaude zortea izango duten pribilegiatu batzuk eta gustuko lana dutenak (bide horretan nabil), baina gehienek dirua behar dutelako egiten dute lan. Lan egitea gogorra da, ordu asko sartu behar ditugu, eta han gertatzen zaizkigun gauza txarrak (istripuak, tentsioa, haserreak, tristura,...) gure bizitzako arlo guztietan dute eragina. Kasurik okerrenean, bizitza bera gal dezakegu.
Beraz disfrutatu oporrak badauzkazu. Jan, edan, egin kirola, denbora pasa lagun eta familiarekin, ezagutu beste leku batzuk edo berrezagutu zure hiri edo herria. Egin nahi duzuna, baina deskantsatu. Goza dezagun kapitalismoak ematen digun su-eten txiki honetaz…
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.