Aita Benaventen jaio zen. Hiru hilabeterekin Euskal Herrira ekarri zuten. Bere familia migrantea zen, eta migrante guztiek bezala, ez ziren aberatsak. Nahiz eta bere familia hemengoa ez izan, aitak euskal kultura maite zuen, eta, batez ere, jakingura bat zeukan barnean: euskara.
Sentimendu horrek eramana, bere lanerako euskara behar ez zuen arren, dirua eta denbora inbertitu zituen amets hori lortzeko. Eta lortu zuen. Euskaldun bihurtu zen. Bere semearekin euskaraz hitz egiten hasi zen orduan, eta hizkuntza honen hazia sartu zion zainetan.
Horregatik, pena handia sentitzen dut jendeak esaten duenean bere lanean ez badute behar ez dutela euskara ikasiko. Edo argudiatzen dutenean ingelesa inportanteagoa dela munduan, eta euskararik gabe bizi ahal dela. Erabilgarritasunaren menpe daudenei gauza bat esan nahi diet: bizitzako gauzarik garrantzitsuenetariko bat da zure ingurua ezagutzea. Euskara ezagutzen ez baduzu, lur honen kultura ezin izango duzu barneratu. Europako hizkuntzarik zaharrena berreskuratu dugu. Aita horretaz konturatu zen, eta bere semearekin konpartitu zuen mirari honekiko sentitzen zuen maitasuna eta errespetua. Eta ni, nire semearekin, gauza bera egiten ari naiz.
Aita ez dago jadanik hemen, baina herentziak bizirik dirau nigan. Erabilgarritasunaren inertziak gure kultura desegin ez dezan. Bihotzak arrazoiaren gainetik jarrai dezan.
Eskerrik asko, Aita. Maite zaitut.
Txema Tocino.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.