Iritzia

Ezkutatzen

Erabiltzailearen aurpegia Txema Tocino 2023ko mai. 29a, 13:56

Arg: Pixabay

"Argi eta garbi dago ez zaiela interesatzen estatuko gainerako lekuetan jakitea hemen desberdin bozkatzen dugula"

Niri beti gustatu izan zait politika, eta bereziki hauteskundeak. Oso interesgarriak iruditzen zaizkit emaitzak, parte hartzeari buruzko datuak, balizko itunak... Horregatik, botoa eman ondoren, etxera etorri eta dauden programa berezi guztiak ikusten hasten naiz.

Igande gauean, lehenik eta behin, ETB1 ikusten egon nintzen. Han ematen zituzten Euskal Herriko emaitzak eta esaten zuten EH Bildu asko igo zela, EAJk toki askotan irabazi zuela, baina boterea galdu zuela, PSEk pixka bat gora egin zuela... Zenbakiak ikusten informazioa errealitatetik nahiko hurbil zegoela uste nuen.

Handik gutxira, estatu mailako kanal bat jartzea erabaki nuen. Etengabe esan zuten PPk toki askotan irabazi zuela. Irudiak atera zituzten alderdi politikoaren egoitzatik, jendea banderak astintzen, disko musika jo ta ke,... PSOEren gainbeheraz ere hitz egin zuten, eta zenbat botere galdu zuten esan zuten. Valentzia, Madril, Aragoi... izan zituzten hizpide. Baina harritu ninduena izan zen ordubetean ez zutela Euskal Herriaz hitz egin. Inork ez zuen esan nork irabazi zuen hemen. Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko udal batzuetako datuak beheko errotuluetan pasatzen zituzten, ezer komentatu gabe. Eta gutxi gehiago.

Argi eta garbi dago ez zaiela interesatzen estatuko gainerako lekuetan jakitea hemen desberdin bozkatzen dugula. Beste leku batzuetan ultraeskuineko alderdiak sartzen ari diren bitartean, hemen oso gutxiengoa dira. Edo estatuan irabazten duen alderdiak hemen ia ez du botererik. Madrilen egoitza duten komunikabideetan ez dute errealitate hori erakutsi nahi. Azken finean, interesatzen zaiena ez da informatzea, beren "egia" kontatzea baizik.

Txema Tocino.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago