Urte asko zeramatzan betaurreko ikusezin batzuekin, dena gris kolorekoa ikusarazten zioten. Ohetik jaikitzen zenetik lokartzen zen arte, bizitza kolore horretakoa zen. Ametsek ere ez zuten beste tonurik. Automata bat bezala pasatzen zen bizitzatik. Noizean behin poztasunen bat izaten zuen, baina ez zen guztiz zoriontsu sentitzen. Eta lanean egoera hau nabarmenagoa zen.
Gero eta zenbaki eta emaitza gehiago eskatzen zizkioten, amaierarik gabeko lanaldia zuen, kosta ahala kosta eskalatu nahi zuten lankide batzuk zeuzkan alboan… Bere egunerokoa oso gogorra zen. Eta azkenean, egun batean, ezin izan zuen gehiago jasan eta apurtu egin zen. Bulegoan zegoen, eta ageriko arrazoirik gabe, negar egiten hasi zen. Hautsita zegoen panpin bat bezala sentitzen zen.
Baina, orduan, zapi bat atera zuen eta begiak lehortzeko betaurreko nazkagarri horiek erantzi behar izan zituen. Malkoak kendu eta begirada altxatzean kolore ezberdinak ikusten hasi zen. Ilusioz beteta, atera zen bulegotik eta zerura begiratu zuen. Egun ederra zen. Arnasa hartu zuen eta pozik bete zituen birikak. Lasaiago zegoen. Bazekien ez zela berriro sartuko leku horretan. Bazekien betaurreko madarikatu horiek ez zituela berriro jarriko. Etorkizunak aukera berri bat emango zion beste leku batean.
Eta handik aurrera hasi zen bizitzaren koloreaz disfrutatzen.
Txema Tocino
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.