Gurasoak hitz egiten ari ginen gure seme alabak eskolako patioan jolasten ari ziren bitartean. Orduan, nire semearen lagunik onenaren aitak esan zuen hurrengo egunean telebistan Eurovision botatzen zutela eta berak familiarekin ikusiko zuela. Plan ona iruditu zitzaigunez, emazteak, semeak eta biok ideia kopiatu genien, pizza batzuk eskatu genituen eta larunbat arratsaldean musika jaialdi hori ikusten hasi ginen.
"Txikitan, Eurovisionen gehien gustatzen zitzaidan gauzetako bat hizkuntz anitz entzutea zen"
Txikitan, Eurovisionen gehien gustatzen zitzaidan gauzetako bat hizkuntz anitz entzutea zen. Ezagutzen ez nuen hizkuntza batean kanta bat entzutea bitxia egiten zitzaidan. Baina urte honetako Eurovision saioan, kantu ezberdinak atera ahala, ingelesaren zapalgailuak aniztasun kultural hori ezabatu zuela konturatu nintzen, abesti gehienak hizkuntz horretan ziren eta.
Zalacaín El Aventurero eleberrian Pio Barojak esaten zuen protagonista, euskara jakin arren, gaztelaniaz hitz egiten saiatzen zela, dotoreago iruditzen zitzaiolako. Horrela pentsatzen zuen bere garaiko jendeak. Era berean, badirudi hobeto geratzen dela abesti bat globalizazioaren hizkuntzan bakoitzarenean baino.
Alde batetik, bitxia da Eurovisionen publikoaren botoan finlandierazko abesti bat irabazi izana. Baina, jakina, Suedia izan zen irabazlea, abesti bat hizkuntza anglosaxoian jarrita. Horrela dena ongi egongo da. Bestela, agian hizkuntza autoktonoak eta minoritarioak aldarrikatzen dituzten pertsonak egon ahalko dira. Hau erokeria!
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.