Duela egun batzuk lagun batekin geratu nintzen kafe bat hartzeko. Beti bezala, ni iritsi nintzen lehena. Mahaiaren zain nengoela, irribarre zabal batez ikusi nuen sartzen. Zergatik zegoen hain pozik galdetu nion, eta esan zidan, asko tematu ondoren, kirol zapatilak egokitu zitzaizkiola zozketa batean. Denbora luzea zeraman horrelako zapatilak edukitzeko irrikan. Behin baino gehiagotan saiatu zen, baina inoiz ez zitzaizkion egokitu. Baina atzo bere zorioneko eguna izan zen eta azkenean lortu zuen. Nik, noski, zorionak eman nizkion. Zapatila berriak erakutsiko zizkidala esan zidan eta ea gustatzen zitzaizkidan.
Baina gehien harritu ninduena diru asko kostatu zitzaiola esan zidanean izan zen. Hor txundituta geratu nintzen. Esan nion nola izan zitekeen ordaindu behar izatea zozketa bat bazen. Orduan barre egin eta oso inuzentea naizela esan zidan. Zapatila berezien modelo berrien zozketak egiten dira eta jendeak izena ematen du, eta tokatzen bazaizkizu, ordaindu egin behar dituzu, noski.
Nik, kirol zapatilak behar ditudanean, dendara joan, prezioa begiratu, probatu eta erosten ditut. Orain zozketak egiten dira oinetako garesti batzuk saltzeko. Kapitalismoaren azken itzulia da. Dirutza kostatzen den zerbait erostea, eta zozketa batean "tokatzen" zaizunez, zorionekoa sentitzea. Eta gero ni naiz inuzentea. Harrigarria.
Txema Tocino.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.