Egunkaria irakurtzen dudanean, albiste gutxik harritzen naute. Produktu batzuen prezioa igotzea, ados jartzen ez diren ezkerreko alderdiak egotea, ustelkeria egotea,... Espero ditzakedan gauzak dira. Hala ere, bada atzo harritu ninduen albiste bat: Gasteiz da autoa gehien erabiltzen duen Euskal Herriko hiriburua. Ezin dut sinetsi.
Gasteizen hiri autobusa, tranbia, BEI eta bidegorri erraldoia daukagu. Gainera, hiri txiki eta laua da, eta arazorik gabe oinez joan daiteke edozein lekura. Eta autoa gehien erabiltzen duen hiriburua gara? Zertarako balio du Green Capital izateak?
Lehenengo arazoa herritarrak kontzientziatzea da. Autoak (bereziki errekuntzakoak, eta hauek gehienak dira) arazo bat dira ingurumenerako, eta lehenbailehen erabiltzeari utzi beharko genioke. Bestalde, aitortu behar da hiri honetako garraio publikoaren kudeaketak porrot egin duela. Garraio publikoaren eta autoaren arteko prezioaren aldearekin, herritar guztiok autoa garajean utzi nahi izan beharko genuke, eta ez da horrela. Pixkanaka egoera hau aldatzea espero dut. Batez ere, planeta hondatzea autobusez lan egitera joatea baino deserosoagoa delako.
Txema Tocino.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.