iritzia

Adimen artifiziala

Erabiltzailearen aurpegia Txema Tocino 2023ko ots. 21a, 17:42

Arg. Pixabay

Eta nahiz eta emaitza ezberdina izan, sentsazioa bera izan zen: emozioa falta zen. 

Ia analfabeto teknologiko bat naiz. Ez zaizkit ordenagailuak gustatzen, ezta gainerako aparatu elektronikoak ere. Sakelakoa presio sozialagatik dut, baina etxean ahazten bazait, bila itzultzen ez den horietakoa naiz. Hala ere, gauza berriren bat ateratzen denean, nire arreta osoarekin kuxkuxeatzen hasten naiz, nahiz eta gero azkar aspertu.

Hori gertatu zait azken astean Chat GPTrekin. Telebistan ikusi nuen ikastetxe batzuetan "adimen artifizialeko" tresna hau erabiltzen zutela lanak eta beste zerbait egiten laguntzeko. Ez dakitenentzat, erraminta honi mota askotako eta edozein hizkuntzatako testu idatziak eskatu ahal dizkiezu. Ideia bat sartzen duzu, eta egiten du. Chat GPT-k arrakasta handia izan duenez, Googlek, bere subiranotasuna mehatxupean ikusita, antzeko zerbait garatzea erabaki du, eta laster aterako dute.

Kontua da ni aplikazio horretan sartu nintzela, eta probatzeko bertso bat eskatzea okurritu zitzaidan. Irakurri nuenean berehala sentitu nuen makina batek idatzia zela. Gero beste bat, eta azken bat. Eta nahiz eta emaitza ezberdina izan, sentsazioa bera izan zen: emozioa falta zen. Hitzak ezin hobeto aukeratuak ziren. Aditz deklinabide zuzenak erabili zituen. Baina ez zuen bihotzik.

Duela egun batzuk asko poztu nintzen irakurri nuen albiste batengatik; lanean berriz onartu zuten kaleratu zuten langile bat senarra hil zitzaiolako eduki zuen depresioa. Bajan egon zen egun batzuk eta bere nagusiek, inongo gupidarik gabe, bota zuten. Enpresak erakutsi zuen bihotz faltari elkartasunez erantzun zioten bere lankideek, eta azkenean, enpresak atzera bota zuen bere erabakia eta emakume honek bere lana berreskuratu zuen.

Askotan enpresek Chat GPTaren estrategia erabiltzen dute. Disimuluz, frogatzen ez duten gizatasuna erakutsi nahi dute. Nahiz eta saiatu, askotan langileen eta enpresen arteko harremanetan enpatia falta nabaritzen da. Erraz ikus daiteke diruaren munduan bakarrik emaitza ekonomikoek inporta dutela. Eta honetan adimen emozionala ez da beharrezkoa.

Txema Tocino.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago