Lagun batzuekin zerbait hartzen ari nintzen Gasteizko Alde Zaharrean, hasiera batean irteteko gogorik ez duzun baina gero liatzen zaren egun horietako batean. Ordu batzuk eman ostean, batek parranda jarraitzeko beste toki bat proposatu zuen. Orduan erdigunera joan ginen, eta han aurkitu genuen leku desatsegin bat, regetoia bolumen bizian, eta inolako konfiantzarik sortzen ez zuen giroan. Une horretan, erabaki genuen etxera joateko momenturik egokiena zela.
Hilabete batzuk pasa ondoren hitz egin zuten irratian lokal honi buruz. Diskoteka honetatik gertu bizi ziren auzokideen kexak entzun nituen irratian, toki horrek sortzen zituen arazoengatik. Jende mozkorra zegoen kalean botata, pixa horma guztietan, eta batzuetan, odola ere bai, gaueko liskar batzuen ondorioz. Bizilagunek hori guztia agintariei jakinarazi zietela azpimarratu zuten, baina hauek ezikusiarena egiten zutela esaten zuten.
Duela egun gutxi mutil bat bizitza galtzeko zorian izan da labankada batengatik. Ateetan metal detektagailuak jartzea proposatu zuten, eta poliziek lokal honen inguruan ibiltzen diren pertsonak erregistratzea, labanen eta antzeko objektuen bila. Hor bukatu ziren ideiak.
Orokorrean, agintzen dutenek uste dute gatazkak gehiago zelatatzen konpontzen direla, baina eragina kontrakoa izaten da. Agian ondo legoke hezkuntza-kanpaina bat egitea, jendea jaietara erantzukizunez atera beharraz kontzientziatzeko, besteak errespetatuz eta gatazkak sortu beharrik gabe. Seguruagoa dirudi jendea konbentzitzea ez dela beharrezkoa labana bat eramatea parrandan irteteko, kalean konfiskatzen saiatzea baino. Bestalde, neure buruari galdetzen diot nola dauden lokal horietara joan nahi duten gazteak (eta ez hain gazteak).
Berriro hogei urte izango banitu, ez litzaidake bururatuko horrelako leku batera joatea, zer gerta dakidakeen jakinda. Ez dakit nolakoa izango den nire heriotza, baina diskoteka batean regetoia atzetik entzuten... Ez, mesedez.
Txema Tocino.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.