Iritzia

Ondorioak

Erabiltzailearen aurpegia Txema Tocino 2023ko urt. 26a, 10:00

Arg. Pixabay

"Horregatik, betikoa zen onena. Ad antiquitatem argudioa. Eta kitto".

Salamancako taberna batean nengoen hango lehengusuaren lagun batzuekin garagardo bat hartzen. Giroa ona zen, eta futbolaz eta beste gai batzuez hitz egin genuen. Gai hutsalez aspertu ginenean, politikaz hitz egiten hasi ginen. Oso zaila da Gaztela eta Leonen euskal herritarra izanik politikaz hitz egitea; izan ere, arlo honetan, orokorrean, ikuspuntuak guztiz desberdinak dira.

Gogoratzen dut eztabaidaren une batean galdetu niela nola zen posible PPk izan dituen korrupzioen kasuen ondoren, botoa ematen jarraitzea. Ez nuen ulertzen. Europako alderdi politiko ustelenetako baten alde bozkatzen jarraitzen zuten. Eta erantzun zidaten ea nori emango zioten botoa bestela. Beraientzat ez zegoela beste aukerarik. Berdin zen korrupzioa. Garrantzitsuena zen "gorriak" ez ailegatzea instituzio publikoetara. Horregatik, betikoa zen onena. Ad antiquitatem argudioa. Eta kitto.

Baina "Euskal Oasian" hori ez da gertatzen. Hemen beti betikoak irabazten du (edo ia beti), baina ez dago korrupziorik. Primeran gestionatzen dituzte instituzio guztiak, eta horregatik gure konfidantza osoa dute. Edo, behintzat, hori esaten ziguten bere aldekoek "de Miguel" kasua ailegatu arte.

Orain, gure historiako korrupzio kasurik handiena dugu mahai gainean. Epaiketa baten ostean agerian geratu da ustelkeria egon dela Araban. Eta, gutxi barru, hauteskundeak. Beraz desberdinak garela erakusteko aukera edukiko dugu. Froga genezake euskaldunok ustelkeria politikoki zigortzen dugula. Hala izango da?

Utzi Tezanosena egiteari. Ustelkeria honekin askok ezikusiarena egingo dute eta hauteskundeen emaitzetan ez da zigorrik nabarituko. Eta nik, Salamancara itzuliko naizen hurrengoan, ez dut politikaz hitz egingo. 

Txema Tocino.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago