Iritzia

Asmakizuna

Erabiltzailearen aurpegia Txema Tocino 2023ko urt. 19a, 09:43

Arg: Pixabay

Nekatzen denean, lurrean botata uzten nau eta esaten dit hori nire onerako izan dela. 

Haren urratsak entzuten ditut eta dardarka hasten naiz. Edozein lekutatik bereiz nitzake. Garunean grabatuta dauzkat. Gaur lasai etortzea espero dut. Joan den astean ia hil ninduen. Eman zidan jipoirik gogorrenetako bat izan zen. Ez dakit askoz gehiago jasan ahal izango dudan. Gainera, kolpe bat jasotzen dudan bakoitzean zaratarik ez egiten saiatzen naiz, haurrek entzun ez nazaten.

Agurtu egin nau. Serio dago. Gaur, berriro ere, berandu etorri da. Afaria mikrouhinean daukala esaten diot. Sukaldean afaltzen uzten dut seme-alabak oheratzen ditudan bitartean. Umeak tapatu eta musu bat eman ondoren, sukaldera bueltatzen naiz. Atetik sartu bezain pronto, haserretuta dagoela sumatu dut. Gero eta okerrago sukaldatzen dudala esaten dit eta oso zorte txarra izan duela nirekin. Ez dakidala ez sukaldatzen, ez garbitzen, ez larrua jotzen,... Ez dudala ezertarako balio.

Erantzun diot, ahal dudan tonurik goxoenean, esateko zer nahi duen hurrengorako eta nik prestatuko diodala. Emazte on batek hori jakin behar duela esaten dit oihuka. Orduan ukabilkada bat ematen dit aurpegian eta lurrera erortzen naiz. Gero kolpe mordoa jaso ditut. Ukabilkadak, ostikadak, lepotik eta iletik helduta... Nekatzen denean, lurrean botata uzten nau eta esaten dit hori nire onerako izan dela. Gero hotzgailutik garagardo bat hartzen du sofan lasai lasai esertzeko telebista ikusteko. 

Ahal dudan moduan, komunera joateko altxatu naiz. Han eseri eta negarrez hasi naiz. Gorputza guztiz minduta daukat. Bitartean Teleberriaren aurkezlearen ahotsa ailegatzen zait. Esaten du gazteen %20k uste dutela indarkeria matxista ez dela existitzen eta asmakizun politiko bat besterik ez dela. Orduan, nire senarraren zurrunga alaiak entzun ditzaket.

Txema Tocino.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago