Duela egun batzuk semearen bila joan nintzen ikastetxera, eta klasetik irten zenean, buruan koskor bat zuela ikusi nuen. Irakasleari galdetu eta esan zidan beste haur batek bultzatu zuela patioan eta erori egin zela. Ziurtatu zidan haurrarekin hitz egin zutela eta ez zela berriro gertatuko.
Semea sendatu eta berriro eskolara eraman ondoren, lagun batekin geratu nintzen taberna batean kafe bat hartzeko. Gertatutakoagatik oraindik serio samar nengoenez, lagunak zer gertatzen zitzaidan galdetu zidan, eta gertatutakoa kontatu nion. Zerbitzaria entzuten ari zen eta galdetu zidan: "Eta beste umea hemengoa da ala atzerritarra?". Erantzun nion ea zertara zetorren galdera hori, eta berak, bere jakintza infinituaren pulpitutik, eta urrezko gurutzea eskegita lepoan, esan zidan atzerritarrak direla ikastetxeetan arazoak sortzen dituztenak, beste kultura bat dutelako. Esan nion ez nengoela ados, baina noski, ez nuen konbentzitu.
Zaila da diskurtso horien aurka borrokatzea. Jende askok ikusten du migrazioa bere osotasunaren aurkako eraso bat bezala. Horregatik, Melillako hesian migratzaile batzuk hiltzeak edo Mediterraneoan paterak hondoratzeak ez du kostu politikorik gobernuko alderdientzat. Askorentzat, bigarren mailako herritarrak dira. Baina gero europar askok esaten dute kristauak direla eta gabonak ospatzen dituzte jainko galileo baten jaiotza gogoratuz. Hor ez du axola protagonistaren nazionalitateak. Azken finean, eternitatea dago jokoan. Gaur otoitz egiten diotenek atzo gurutziltzatu egingo zuten.
Txema Tocino.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.