Iritzia

Zaletasuna

Erabiltzailearen aurpegia Txema Tocino 2023ko urt. 4a, 23:47

Arg: Pixabay

Gizonok aitortu beharko genuke egoera eskuetatik joan zaigula.

Duela egun batzuk saskibaloi partida bat ikustera joan nintzen. Araski ikusteko aukera eduki nuen, Perfumerías Avenida taldearen aurka. Mendizorrotzako kiroldegian sartu nintzen, eserlekuan eseri nintzen, eta hemengo eta Salamancatik etorritako lagunak nahastuta ikusi genuen partida. Gero bi taldeetako jokalariak neska-mutilak agurtzeko zelaian geratu ziren, eta haiekin argazkiak atera zituzten. Azkenean, denok ordenean irten ginen, inolako arazorik gabe.

Egun batzuk pasa ondoren, prentsan irakurri nuen gizonezkoen lehen mailako futbol talde batek debekatu egin ziela kontrako zaleei estadiora bere taldeko kamiseta edo bufanda batekin sartzea. Dudan nago neurri hau legezkoa den ala ez, baina ez dut zalantzarik etikoki onartezina dela. Bi talde horien artean aspaldidanik dago tentsio handia pilatuta, eta haien agintariei aparteko ideia irudituko zitzaien kontrako zaleei nahi zuten janzkera eramatea debekatzea, tentsioa beste modu batera jaisten saiatu beharrean, koloreak ezkutatuz gorrotoa lausotuko balitz bezala.

Gizonezkoen kirolaren barruan, batez ere futbolean, borrokak, irainak, gorrotoa eta antzeko jarrera ugari jasan ditugu. Gizonok aitortu beharko genuke egoera eskuetatik joan zaigula. Jarrera negatibo horiek desagertu egin beharko lirateke kirol jarduera guztietatik, bai praktikan, bai zaletasunean. Eta gauzak ondo egiteko adibidea uste baino gertuago daukagu.

Txema Tocino.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago