Nire bizitzako egunik tristeenetako bat aitaren gaixotasunaren berri izan nuenean izan zen. Inoiz ez zaude prest gehien maite duzun pertsonetako bat sufritzen ikusteko. Minbizia gaixotasun gogorra da, batez ere, azken faseetan.
Duela egun batzuk aita ospitalera eraman behar izan zuten kimioterapia jaso ostean gaizki sentitzen zelako. Oso ahul zegoenez, transfusio bat egin behar izan zioten. Bera etzanda zegoen bitartean, nik poltsa gorri horri tinko begiratu nion, eta pentsatu nuen besteei laguntzeari buruz hitz egiten dugun bakoitzean, aitzakiatzat jartzen dugula ez daukagula ez astirik ez dirurik horretarako. Baina han, nire aurpegiren aurrean, ekintza solidario eta anonimo bat zegoen, nire aitaren osasuna hobetzen laguntzen zuena.
Horregatik, Gasteizko erdigunetik egindako paseo batean, odola emateko autobusa ikusi nuen eta ez nuen birritan pentsatu. Odola ematera igo beharra neukan. Badago norbait bere denbora eta elkartasuna eman zuena nire aitari laguntzeko, eta nik sentitu nuen gauza bera egin behar nuela. Pentsa daiteke neurekoia izan naizela, eta nire senide batengan beharra ikusi arte, ez naizela solidarioa izan. Eta egia da. Lehen ez nuen horretan pentsatzen. Baina orain bizitzak eman didan lezioa onartzen dut.
Hortaz, zu gauza bera egitera gonbidatzen zaitut eta urte berrirako asmo on bat proposatzen dizut: Egin odol emaile. Elkartasun ekintza honek denbora gutxi eskatzen du eta laguntza handia da pertsona askorentzat.
Urte berri on!