Iritzia

Energia

Erabiltzailearen aurpegia Txema Tocino 2022ko abe. 22a, 08:30

Argazkia: PIXABAY

"Benetan beharrezkoa al da egun libre batzuk ditugun bakoitzean hegazkin batean sartzea oporretara joateko?"

Badakit gaur egun jende askok ez daramala erlojurik eta ordua mugikorrean begiratzen duela, baina niri erosoago egiten zait eskumuturreko erlojua eramatea, batez ere lanean. Horregatik, hondatu zitzaidanean berehala joan nintzen bat erostera. Egia esan, ez nuen ezer berezirik nahi. Beti erabili izan ditut makina bat urte irauten duten eta merkeak diren erloju digitalak.

Dendara joan nintzenean bat erostera, mugikorrera konektatu behar diren erloju batzuk eskaini zizkidaten. Saltzaileak esan zidan orain modan daudela. Esaten dizute zein den zure pultsua, zenbat lo egiten duzun, zenbat pauso ematen dituzun. Balio zientifikorik gabe, baina han daude. Eta noski, deien, WhatsAppeko mezuen, korreoaren eta abarren berri emango zidatela gaineratu zuen. Hau da, nire telefonoak egiten dituen ia gauza guztiak. Baina gauza guztietatik gehien harritu ninduena bateriaren iraupena izan zen: 48 ordu. Bi egunean behin entxufatu beharra neukan. Eta noski, ez nuen egin. Erosi nuen bat askoz merkeago, eta horrekin badaukat bateria hamarkada baterako.

Adibide honekin demostratzen da askotan behar baino askoz energia gehiago erabiltzen dugula, eta hori gure planetan eragin handiagoa duten beste egoera batzuetara eraman daiteke: Benetan beharrezkoa al da egun libre batzuk ditugun bakoitzean hegazkin batean sartzea oporretara joateko? Benetan beharrezkoa al da Euskal Herriko lurralde bakoitzean aireportu bat izatea hainbeste hegaldirekin? Benetan beharrezkoa al da autoa hainbeste hartzea eta garraio publikoa edo bizikleta ez aprobetxatzea? Benetan behar ditugu internet bidez erosten ditugun txotxolada guztiak? Benetan beharra daukagu hainbeste haragi gure dietan? Benetan ezin dugu ezer egin planetaren osasunean dugun eragina arintzeko?

Ezin dugu mundu guztiaren iritzia ezagutu, baina bai Ama Lurrarena: planetaren tenperatura asko igotzen ari da, eta ondorioak hasi gara sentitzen. Egia da erantzukizuna eskatu behar zaiela agintariei, baina lehenengo aldaketak geure baitan hasi behar ditugu.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago