Hamabost urterekin hasi nintzen erretzen. Lagun batzuk nire ikastetxetik gertu zegoen plaza batean elkartzen ziren tabakoa kontsumitzeko eta hitz egiteko. Hasieran niri ez zitzaidan asko gustatzen. Zapore nazkagarria geratzen zitzaidan ahoan eta, erre ondoren, beti jaten nuen gozoki edo txikle bat. Gero parrandan ateratzen hasi nintzen eta nire tabako kontsumoa handitu egin zen. Larunbat batean ateratzen nintzenean, tabako pakete bat erosten nuen eta beti osorik erretzen nuen, eta lagunei beste zigarroen bat eskatu behar izaten nien.
Unibertsitatean, erretzeari uztea pentsatu nuen lehen unea izan zen. Kirola egiten nuenean, azkarrago nekatzen nintzela nabaritzen nuen eta beti eztulka nenbilen. Baina ezin izan nuen. Gogoan dut denboraldi batzuetan goizean tabako pakete bat erosten nuela, 7 edo 8 zigarro erretzen nituela, uzteko erabakia hartuta botatzen nuela eta, hurrengo egunean, estankora joaten nintzela korrika.
Tabakoa utzi nuen unea tabernetan erretzea debekatu zutenean izan zen (2011). Gogoan dut jende asko lege horren kontra zegoela argudiatuz erretzea erabaki librea zela eta ez zela askatasun hori murriztu behar leku jakin batzuetan debekatuz.
Niri eta nire lagun askori lege hau primeran etorri zitzaigun. Tabakoaren kontsumoa normalizatzeari utzi genion, eta droga hau gure bizitzatik atera genuen. Lehen hilabeteetan ohi baino urduriago sentitzen nintzen, baina hilabete pare bat igaro ondoren, tabakoaz ahaztu nintzen ia erabat. Orain ez dut haren falta sumatzen eta badakit ez dudala berriro erreko. Horregatik, Zeelanda Berrian tabakoaren salmenta progresiboki debekatzen duen lege bat onartu dutela irakurri nuenean, primeran iruditu zitzaidan.
Menpekotasuna ez da askatasun ekintza bat. Erretzen duen jende gehienak utzi nahiko luke, baina ezin du. Produktu horrek, bere osagaien artean, adikzio substantziak ditu, garunak gero eta gehiago eskatzeko, eta noski, gu erosten jarraitzeko. Ez dugu kontsumitzen nahi dugulako, baizik eta behar dugulako. Eta tabako enpresez gain, gobernuek dirua biltzen dute gure bizi-kalitatea murrizten eta laburtzen duen produktu batekin.
Nire ustez, Zelanda Berriko lege honek arrakasta handia edukiko du, eta laster Europan edukiko dugu. Eta horrela, agian, etorkizuneko belaunaldiak negozio zikin honen kalteetatik libre egongo dira.
Txema Tocino.