Zuzendaria klasean sartzen ikusi nuenean urduri jarri nintzen. Izugarri gustatzen zitzaizkidan matematikak, eta klase horretan beti adi nengoen. Zenbakiek liluratu egiten ninduten. Nire irakasgairik gogokoena zen, gimnastikarekin batera. Baina zuzendariak atea jo eta irakaslearekin hitz egin zuenean ikasle batek berarekin joan behar zuela esateko, kezkatu egin nintzen. Ni ez izatea espero nuen.
Behin deitu zidan eta berarekin joan behar izan nuen. Zerbaitengatik errieta egingo zidala uste nuen. Horren ordez, apaizen logelak zeuden pisura eraman ninduen, bere zeldan sartarazi eta arropa kentzeko esan zidan. Eskolatik etxeratu nintzenean, sekulako tristura sentitu nuen, baina ez nintzen ausartu gurasoei ezer esaten. Oso katolikoak ziren. Ez lidakete sinetsiko. Edo horren ustean nengoen.
Azkenean lehen ilarako mutil bati deitu zion. Zutitu orduko, beldurra nabaritu zitzaion. Behin baino gehiagotan joan behar izan zen berarekin, eta bazekien zer gertatuko zen. Matematikako irakaslea ere apaiza zen, eta axolagabekeria erakutsi zuen. Ni gaur libratua nintzen, baina, zoritxarrez, ikastetxean beti zegoen biktima posible bat.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.