Gimnasioko kartel batean irakurri nuen "Aikido". Ez nekien zer zen. Ez nuen inoiz arte martzialik praktikatu. Niri saskibaloia gustatzen zitzaidan. Hainbat urte eman nituen Bilbon jokatzen, eta banekien nahiko ona nintzela. Baina gauez ateratzen hasi nintzen, edaten, erretzen… eta ohitura onak galtzen. Kirola nire bizitzatik kendu nuen. Baina berreskuratu egin nahi nuen. 23 urte neuzkan. Gaztea nintzen kirola uzteko.
Hurrengo egunean dojoan sartu nintzen nire kimono zuri berriarekin. Han ezagutu nuen senseia (maisua). Iñaki Sanchez zen, eta esku bakar bat zeukan; bestea lan istripu batean galdu zuen 14 urterekin. Pentsatu nuen ezinezkoa izango zela berarentzat maisu ona izatea esku batekin bakarrik. Guztiz konfundituta nengoen. Iñaki maisu aparta izan zen.
Gero Gasteiza etorri nintzen bizitzera eta beste Aikido eskola batera apuntatu nintzen. Han Guillermo Rabuñal ezagutu nuen. Iñakiren laguna zen, eta biek, gaurko aikidokideek, oso ondo hartu ninduten.
Egun batean Guillermok esan zidan tatami bat zeukala trasteroan eta ez zuela erabiltzen. Nik eskatu nion, eta gizarte hezitzailea naizenez nerabeekin, erabaki nuen klaseak ematea lan egiten dudan gizarte etxean.
Galdetzen diedanean neska mutilei zergatik etortzen diren aikidora, gauza askoren artean, beti bat esaten dute lasaitasuna ematen diela txapelketarik ez egotea. Beste kiroletan beti eskatzen diete golak sartzea, kanastak, azkarrenak izatea korrika egiten... Aikidon teknikekin disfrutatzen ikasten dute, eta ez dago punturik edo epaiketarik. Horrek lasaitasuna ematen die.
Japonieraz esaldi hau dago: "Masakatsu agatsu" (正勝吾勝). Benetako garaipena norberaren baitan dago. Aikidoan inportanteena ez da teknika onena edukitzea edo indartsuena izatea. Garrantzitsua da zelan sentitzen zaren praktikatzean eta ea bakean zauden zure buruarekin. Ez bakarrik kirolean, baizik eta lanean, familian, lagun artean. Beti ematen du onenak izan behar garela eta albokoarekin konpetitu behar dugula asmatu dugun titulu hori lortzeko. Lanean harro sentitu behar gara oso langileak garela esaten digutenean, eta horretarako ordu pila bat sartzen baditugu (nahiz eta bizitza pertsonala sakrifikatu), ez da ezer gertatzen. Familia artean, gurasoen begietatik onenak izan behar gara: familia bat osatu, tradizioak mantendu, lan dezente edukitzen. Lagun artean, kotxe onena, dirua, ospea.
Gure bizitzaren arlo ezberdinetan gustura egoteko, ez da beharrezkoa txapelaren atzetik joatea momentuaren dibertsioa galduz. Aita, lagun, seme edo kirolari ona izateko ez dugu kanpoko onarpenik behar. Saririk onena gure bihotzean sentituko dugu.
Txema Tocino.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.