Iritzia

Enpatia

Erabiltzailearen aurpegia Txema Tocino 2022ko aza. 21a, 09:44

Argazkia: PIXABAY

"Bizitza salbatzen ari denari mesedea itzuli nahi dio"

Gaixorik dago. Orain dela zazpi urte eman zioten berri txarra: minbizia. Hasieran, analisi pila bat egin ostean, tratamendu bat jarri zioten eta horrekin aurrera jarraitu zuen bere bizitzarekin. Baina egun batean ohetik altxatu, eta bizkarrean min sakona nabaritu zuen. Medikuak esan zion zelula batzuk mutatu egin zirela eta minbizia zabaltzen ari zela. Hori dela eta, tratamendu berri batekin hasi behar izan zuen ospitalean. 

Onkologia aretoan enpatia sortzen da gaixo eta senideen artean. Batzuek heriotza gertu ikusten dute. Beste batzuk senideak galtzeko beldur dira. Eta, egoera horretan, berdin dira zure ideia politikoak, kultura, bizi maila… Azken finean, guztiok gizakiak gara (edo "gizaki hutsak", Hertzainak-ekoek esaten zuten moduan).

Kimioterapia jasotzen ari den bitartean, mugikorra hartzen du egunkaria irakurtzeko, eta han aipatzen dute leku askotan protesta eta manifestaldi ugari deitzen ari direla osasun arloan egiten ari diren murrizketengatik. Arlo batzuetan ez daude medikuak, zerbitzu batzuk murriztu nahi dituzte zentralizatzearen aitzakiarekin, ebakuntzak egiteko itxaron zerrendak amaiezinak dira... 

Ez daki noiz izango den, baina badaki hurrengo manifestazioan parte hartuko duela. Bizitza salbatzen ari denari mesedea itzuli nahi dio.

Txema Tocino

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago