Logela bakoitzean sei pertsona gaude esparru txiki batean. Anaia ez dago bere ohean eta arraroa egiten zait. Bakoitzak eraikinaren alde batean lan egiten dugu, baina beti logelan elkartzen gara jardunaldia amaitu ondoren deskantsatzeko.
Duela hilabete pare bat berarekin etorri nintzenean, ez nuen uste lana hain gogorra izango zenik. Egun batzuetan 50 gradurekin lan egiten dugu. Futbol zelai horiek eraikitzen ditugun bitartean, hemengo biztanleak merkataritza guneetara joaten dira dirua gastatzera aire girotuaren babespean. Baina guk ez daukagu aukera hori. Alde batetik, ez dugu irabazten hainbeste dirurik halako lekuetan gastatzeko, eta, bestetik, nahiago dugu libre dugun denboran atsedena hartu.
Jaioterrian ez geneukan lanik, eta esan ziguten langileak behar zituztela futbol zelai erraldoi batzuk eraikitzeko. Hitz eman ziguten baldintzak oso onak izango zirela: leku duin bat edukiko genuela deskantsatzeko, janaria egunero, lan eskubideak,… Baina, askotan gertatzen den bezala, errealitatearen eta promesen artean diferentzia erraldoi bat dago. Etxola batean bizi gara eta komuna konpartitu beharra daukagu jende pila batekin. Janaria guk erosten dugu eta logelan sukaldatzen dugu. Gainera, lanaldi luzeak betetzen ditugu miseria batengatik.
Langile berri bat sartu da logelan eta nire anaiaren ohearen gainean kirol poltsa bat utzi du bere gauzekin. Okupatuta dagoela esaten diodanean, erantzuten dit langileburuak esan diola orain libre dagoela. Han zegoen langilea gaur aldamiotik erori da, eta ezin izan dute bere gorputza berreskuratu eraikinaren zimenduetan erori dela eta. Zementua bota eta lanean jarraitu dute. Orain berak bere postua beteko du. Futbol zelai hori nire anaiaren hilobi bihurtu da.
Txema Tocino
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.