Ez dago infernura joateko prest. Tripako minaren aitzakiak atsedenaldi bat eman zion eta horrekin indarrak berreskuratuko zituela pentsatu zuen, baina ez da egia. Gero eta ahulago sentitzen da.
Ez dauka oso argi noiz hasi ziren irainak. Ez daki zer egin zuen txarto hainbeste mespretxu eta mehatxu jasotzeko. Baina gauza bat argi dago: egoera horren erruduna bera da. Zure kontra hainbeste jende badago, zerbaitengatik izango da.
Joan den astean paliza bat eman zioten institutuko komunetan. Zorutik altxatzean ikusi zuen klasekide bat mugikorrarekin dena grabatzen. Esan zion sare sozialetan eskegitzen bazuen, zuzendariarekin eta bere gurasoekin hitz egingo zuela. Besteak erantzun zion, hori egingo bazuen, txibato hutsa izango zela. Klasekideei nazka gehiago emateko faltatzen zaiona salatari bat izatea zen. Ez du ezer esango. Kanpoko zauriak disimulatuko ditu. Eta barrukoak ere bai.
Amak geldirik ikusi du ate aurrean, eta ea ondo dagoen galdetu dio. Kezkatuta dago. Ez daki noiztik dabilen gaztea irrifar bat erakutsi gabe. Primeran dagoela esaten dio, eta esku dardartia heldulekuan jartzen duen bitartean, galdera batzuk etorri zaizkio burura: Eta ez badauka merezita sufrimendu guzti hori? Eta ez bada bere errua? Eta laguntza eskatzen badu? Benetan amaitu daiteke amets gaizto hori? Benetan posible da beste bide bat? Agian arriskatzeak pena merezi du.
Orduan buelta ematen du, eta amari besarkada bat ematen dion bitartean negar egiten hasten da.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.