Ospitaleko aulki batean dago eserita behera begiratzen. Bere aurpegiak zoruko baldosetan duen islari erreparatzen dio. Ez daki zenbat denbora eramaten duen itxaroten. Berarentzat, mundua gelditu da.
"Mohamed, Aylan, Said... Adin guztietako pertsonak galdu dira itsasoan"
Dena azkar gertatu zen. Uretara erori aurretik, berarekin zeramala uste zuen, baina erreskate-ontzira igotzera joan zenean, ez zeukala konturatu zen. Oihu egin zuen. Negar egin zuen. Azkenean, sorosle batek aurkitu zuen eta oraindik bizirik zegoela esan zion, baina azkar lagundu behar zutela bizitza salbatzeko. Sei hilabete besterik ez ditu. Inork ez du hil egin behar adin horrekin. Medikua atera da ate zurietatik. Ezetza egiten dio buruarekin. Amak konortea galdu du zoru garbi horretan.
Mohamed, Aylan, Said... Adin guztietako pertsonak galdu dira itsasoan. Telebistatik ikusten dugu kazetariek informazio hori eman nahi digutenean. Pantailak laguntzen digu distantzia hartzen. Gertuago egongo bagina, agian gure baitan sentimendu berri batzuk esnatuko lirateke. Baina hori ezin dugu onartu. Gure erosotasuna dago jokoan.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.