Bozeramaile mota asko daude. Badira hitz kamutsak, hitzontziak, neurriko hiztunak. Gure artean denetik dago, noski. Galdera inozoa: irakurle maitea, zeuk non sailkatuko zenituzke gure Gasteizko alkate Maider Etxebarria, gure ahaldun nagusi Ramiro Gonzalez eta gure gotzain Juan Carlos Elizalde? Hirurak agintari. Hirurek pulpitu sakratua dute beren mende. Baina, hirurak desberdin ageri dira komunikabideetan.
Azken hilabeteotan Mezkiritzeko apezpikua dezente azaldu da mikrofono eta kameren aurrean. Martxoak 3 dela, Arabako 52 apaiz kritikoen gutuna dela … Kontuan da ohi baino gehiagotan entzun eta ikusi dugula Juan Carlos Elizalderen ahoa martxan. Berbaroan suelto, hitzez neurritsu, mingaina zorrotz.
Harrigarria da nafarrak publikoki adjektiboak banatzeko erakusten duen ausardia. Areago berea bezalako kategoria —monsinore, jaun txit agurgarria— aitortzen zaion gorentasunetik etorrita. Martxoak 3 eta Memoria gara elkartekoei "azal mikatza" zutela esan zien begiak kliskatu gabe. Apaiz kritikoei ere denetik esan die irratian egindako elkarrizketa haluzinagarri batean (maiatzaren 7an Radio Vitorian): mikaztuta —berriro hitz majikoa—, zahartuta eta alfertuta daudela: "Ez dakite nola igaro eguna, kaleko lanak ikuskatu beharrean, bazterrak nahastera dedikatzen dira. Ez dute apenas aitortzarik egiten, eta ez daude pobreen ondoan. Betiko arieteak dira, baina ni ez naiz kikiltzen". Autokritikarik ezean, harrokeria denean.
Salburuko arkupetan egunak joan eta egunak etorri, kalean bizi diren Maliko lagunen argazkia etorri zait gogora. Santa Ana eta Las Nieveseko parrokietan egiten dute lo. Bertan ere dutxatu egiten dira. Auzoko jende solidarioei eta bertoko apaizen konplizitateari esker lortu da hori. Asko kostata gainera. Elizaldek onartu zuen hori "neguak iraun bitartean, maiatzaren amaierara arte".
Maiatza ahitzear da. Poetak eta loreak ditugu nonahi. Nik galderak ditut salgai: Elizalde jaunak kale gorrian utziko al ditu berriro Maliko lagunak? Hain krudela izan al daiteke artaldearen artzaina? Nola ez dira bada matxinatuko oinarrizko apaizak? Non da Elizalde jauna: pobreen alboan ala aurrean? Ez dago izpirituala baino miseria okerragorik.
Mingainak ez omen du hezurrik. Elizalderenak, ordea, aiztoak ditu puntan.
Txema Ramirez de la Piscina.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.