Iritzia

Aspasia Miletokoa

Aspasia Miletokoa.

"Ba al zenekiten Periklesen diskurtsoak ez zituela berak idatzi?"

Hitza bihotzaren giltza da. Zenbat eta eztiago, orduan eta eragin handiagoa lortuko du. Baina, gehiegizko hitz jarioa ur bitsetan doa. Esamoldeak ez dira nireak. Gotzon Garatek bildutakoak baizik. Ederki islatzen dute hitzak betidanik izan duen boterea, duen ahalmena, duen irismena. Egoerak deskribatzeko, pertsonak kalifikatzeko, baita maitasuna edo gorrotoa zabaltzeko ere.

Hitzak diskurtsoaren ardatz dira. Testu honen azala eta mamia ere. Baita legamia ere. Horregatik da hain zaila diskurtso on bat egitea, mintzaldi indartsu bat burutzea, jendea jarlekutik zutituko duen alegatua egitea. Gaur egun politikariak diskurtso-egile nagusiak dira. Batzuk abilagoak dira besteak baino. Batzuk traketsak dira, baita irakurtzeko ere. Zer esanik ez, euskara menperatzen ez badute. Sukaldeko lana nork egin duen berehala antzematen da. Komunikabideen aurrean beraiek —politikariek— bereganatzen dute protagonismo osoa. Baina, sarritan, diskurtso horiek ez dituzte beraiek egin, beren aholkulariek —direla komunikazio arduradunak edo kabinete buruak— baizik. Benetako egileak, egiazko intelektualak, fokutik at daude, boterearen itzalean.

"Periklesen bigarren emaztea izan zen. Hetaira bat, luxuzko prostituta bat"

Horrela izan da beti, baina injustua da. Esaterako, har ezazue gogoan Perikles. Bai, Perikles, Atenasko urrezko garaia ardaztu zuen politikaria, demokraziaren fundatzailea. Gudari trebe eta hizlari fin bezala historiara pasatu den gizona. Bada, ba al zenekiten Periklesen diskurtsoak ez zituela berak idatzi baizik eta Aspasia Miletokoak? Horrela dokumentatu dute hainbat iturrik, baita Platonek berak ere. Aspasiaren figura liluragarria bezain ahaztua da. Periklesen bigarren emaztea izan zen. Hetaira bat, luxuzko prostituta bat. Oso emakume kultua izateaz gain, hizlari eta maistra aparta izan zen. Bere kezka hezkuntza emakume guztiengana zabaltzea zen. Filosofoa ere bazen, baita errebeldea ere. Oraingo feminista bat. Horregatik jasan zuen orduko gizon garrantzitsuenen mespretxua. Baina oso librea izan zen beti eta azkarra. Baztertua izan zen, kanpotarra izateagatik eta puta izateagatik. Historiara ez da pasa, baina orain gugan datza.

Hori guztia Irene Vallejori esker jakin dut nik udara honetan. Infinitua ihi batean liburuan dituzue xehetasun gehiago. Liburuen historiari buruzko liburu ederra da.

Txema Ramirez de la Piscina.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago