Burgu

Arg: Burguko Udala

"Hitzaldia bukatutakoan, herriak duen kultur eskaintza zabalaz jabetu nintzen"

Zorteduna naiz. Albiste faltsuek mundu guztia aztoratuta daukaten bitartean, niri, berriz, Araba hobeto ezagutzeko parada eman didate. Bistan da gaiak jakinmina eta kezka pizten dituela. Azkenaldi honetan egokitu zait gai honen inguruan, herriz herri, hitzaldiak ematera joatea. Egia esanda irakasle baino gehiago ikasle sentitu naiz.

Duela pare bat aste Burgu (Burgelu) herrian izan nintzen. Sarritan igaro naiz alboko saihesbidetik baina, orain arte, sekulan sartu gabea nintzen. Ez lekua zen niretzat, alboko gune bestelako bat. Hitzaldiaren ondoren, mapan ez ezik, memorian ere kokatu dut Burgu.

Hitzaldian zenbat lagun agertuko dira? Hizlarion betiko kezka izaten da. Udalerrian 634 lagun daude erroldatuta (sei gune desberdinetan), baina bertan bizi… auskalo!

Dozena bat lagun agertu ziren: bederatzi emakume eta hiru gizon. Adin guztietakoak baziren ere, gehientsuenak beterano samarrak ginen. Kontuan izan antolatzaileak + 55 urte elkartegiak zirela. Hitzaldia eta ondorengo solasaldia ongi joan zirela esango nuke: suelto samar, galdera dezenterekin eta giro bikainean. Elkarri ziria sartzeko beta ere izan zen. Traktorean irratia entzutea gogoko zuen nekazari gotorrak aho bilorik gabe bota zuen torpedoa aretoan: asper-asper eginda nago jubilatuek whatsappera bidaltzen dituzten txatxukeriekin! Eztenari segituan erantzun zion hitzaldia adi-adi jarraitu zuen emakumeak: "Aizu! jubilatu guztiok ez garela berdinak eta, gainera, egizu kontu: gauza bat da jubilatuta egotea eta beste bat, oso bestelakoa, erretiratuta izatea. Eta gutariko asko oso aktibo gaude". Pentsakor geratu zen traktore-gidaria.

Hitzaldia bukatutakoan, tabernan geundela, herriak duen aisialdi eta kultur eskaintza zabalaz jabetu nintzen: pilates egiteko lau talde, zoru pelbikoa indartzeko beste bat eta spinning-eko beste bat. Antzerki taldea ere badute: La Farandula. Ardoa dastatzen ari ginela, kiroldegian, hiruzpalau lagun jo eta su ari ziren eliptikari txinpartak ateratzen.

Aurten mintzaldi gehiago egon dira udalerrian. Esaterako, apirilean Sacamantecas pertsonaiari buruzko hitzaldia izan zen Añuan. Horrezaz gain, maiatzean Idiazabalgo gaztaren dastaketa-tailerra izan zen Gazetan eta hil horretan bertan Titania antzerki taldeak obra hau eskaini zuen Arbuluko gizarte-etxean: Amonak gerrariak gara.

Burgu: komunitatea bizi duen sormenezko faktoria.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago