Haustura traumatiko baten kronika da hau. Hogei urtetik gorako harreman bati amaiera eman dion kontakizun latza.
Bi telefonia konpainia izan ditugu etxean. Lehenaren izenaz nahiago dut ez gogoratzea. Bigarrena Euskaltel izan da. Gutxienez bi hamarkadaz izan gara haiekin. Gure amesgaiztoaren hasiera uztailaren 19an hasi zen. Kontratatuta geneukan linea mugikor bati baja eman genion. Hortik aurrera gertatutako guztia deskalabru baten historia izan da. Haiek aitortutako errakuntza baten ondorioz, aldrebeskeriak bata bestearen atzetik kateatu dira: zenbait astez linea finko, wifi eta telebista zerbitzurik gabe utzi gaituzte.
Erreklamazioak egiten hasi eta inpotentzia ikaragarria sentitu dugu. Telefonoz deitu eta hamar, hamabost, hogei minutuz itxaron behar pertsona batekin hitz egin arte. "Kaixo Leire/Miren/Alazne/Andoni/Jexux/… naiz, zertan lagun zaitzaket?", leloa barruraino sartu zait. Honekin, horrekin eta harekin hitz egin… eta guztiei gauza bera hasiera-hasieratik azaldu behar… "Zure nortasun agiriaren zenbakia emango didazu, faborez?". Nola liteke komunikazioa ardatz duen konpainia batek hainbeste barne-komunikazio falta izatea? Ni osasun zentrora noanean, nire familia-medikuak nire historia klinika guztia dauka klik bat eginez. Euskaltelen hori ez da posible? Erabiltzaile bezala gure eskubideak zapaldu dituzte inolako lotsarik gabe, inolako azalpen koherenterik eman gabe.
Tortura azken uneraino luzatu dute. Ekipoak entregatzeko postetxera joan, haiek emandako kodea eraman eta postetxeko langileak: "Sentitzen dugu, baina Euskaltelek ez du kodea aktibatu". Azkenean ekipoa berriro hartu, gure Euskalteleko betiko dendara joan eta han entregatu genuen, Frantzia kaleko bulegoan. Hemendik bihoazkie nire eskerrik beroenak bulego horretako langile guztiei, urte hauetan guztietan emandako arretagatik. Atentzio pertsonala behar da, pertsonatik pertsonara eta ez makinen bitartez.
Kito. Amaitu da. Pikutara bidali dugu Euskaltel. "Konpainia guztiak berdinak dira", esango didazue. Seguru asko. Baina, haustura hau mingarriagoa izan da. Gogoan duzue nola jaio zen konpainia hau 1996an? Diru publikoz hornitutako ekimen ustez "nazionala" izan zen, euskal gizarteari zerbitzu estrategiko bat —telekomunikazioak— eskaintzeko asmoz… Nola ailegatu gara hona?
Agur Euskaltel, agur.