Astero ez bada, hamabostero saiatzen naiz aste barruan mendi-txangoren bat egiten. Beti topatzen dut zerbait desberdina: ezagutzen ez nuen gailurren bat, pagadi ederren bat, mendilepo bitxi bat edo harkaitz eta landaretza ugariren arteko labirinto magikoren bat (Entziako Arno eta Kattarikoak bereziki gomendagarriak dira).
Duela hiru bat aste Bernedoko Villafria herrira abiatu nintzen, Toloño mendilerroko San Tirso (1.333 m.) mendira igotzeko asmoz. Egun ederra zen. Oskarbi erabat. Hasierako basoan pagadiak eta ezpeldiak tartekatzen dira, harmonia ezin ederragoan. San Tirsoko Boneteak harritu ninduen lehenengo. Gotzainaren txanoa edo bonetearen forma duen tontor malkartsu arras bitxia da. Gertu dago San Tirsoko baseliza, harkaitzaren barrunbean eraikita dagoen eremu laiotza.
Bertan topatu nuen eguneko lehen laguna. Sinforiano edo Sinfo ezizena zuen 83 urteko mendizalea. Bernedotik abiatua zen. Gasteiztarra, El Pilar auzokoa. Sasoiko zegoen. Arabako mendi guztiak ezagutzen omen ditu. Erritmo ederrean abiatu zen katamarka igo behar den gailurrerainoko tarterantz. Sinfok ez du track-ik erabiltzen. Ekipamendu apala zeraman: antigoaleko larruzko bizkar zorro ttipi bat, xukadera bat eta egurrezko makila bat. Kito.
Gailurrean geundela agertu zen bigarren laguna: igoera Kripanetik abiatu zuen Mirandako suhiltzaile jubilatu bat. 64 urtekoa. Sasoiko bera ere. Suhiltzailea eta biok harrituta geratu ginen Sinforen aldarte onarekin. Berak, ordea, ez zion aparteko garrantzirik ematen. "Beti ibili naiz mendian. Tentuz ibiliz gero, ez dago arazorik". Sinforen sinfoniaz maitemindu ginen.
San Tirsoko gailurrean bada buzoi berezi bat, 1987an Urtxintxa mendi taldeak jarritakoa. Euskaraz bizi leloa darama behe aldean. Buzoiaren gainean, haize-orratzaren funtzioa betetzen duen gandor ederreko oilar koloretsu bat dago. Hegotik jotzen zuen haizeak. Gure aurrean zegoen paisaia, zoragarria. Alde batean Mediterraneoko isurialdean, Arabako Errioxa. Beste aldean Kantauriko isurialdeko landaretza ugari berde eta lerdena.
Tarte labur batez mintzatu ginen. Suhiltzaileak argiki bota zuen berea: "Mendian dabilen jendea, normalean, jende sanoa da, ezta?". Baietz, esan genion Sinfok eta biok.
Gero bakoitzak bere bidea jarraitu zuen. Nik Sinforen irriarekin egin nuen itzulera.