Pablo Iglesias politikariaren inguruan ehundutako albiste faltsuen auziak zenbait kontu argi utzi ditu:
Lehena. Espainiako estolderia eta prestigio handia omen duten zenbait kazetariren arteko harreman konplizea. Edozerk balio du disidentzia politikoa estigmatizatzeko, deabrutzeko eta hondatzeko. Euskal Herrian adibide ugari izan ditugu. Gogoan duzue lelo hura…nola zen…? Ah bai!: "Helburuak ezin ditu inoiz bitartekoak justifikatu".
Bigarrena. Albiste faltsuek gure hautu politikoa bideratzeko izan dezaketen garrantzia benetan da handia. Ezinbestekoa da herritar oro kontu hauez ohartzea. Inor ez da salbu. Heziketa komunikazioan guztiz funtsezkoa da, baita komunikabideen jabetzez gogoeta egitea ere. Nola bermatuko ditugu demokrazia eta adierazpen askatasuna hedabide handienak entitate finantzario edota korporazio erraldoien esku badira? Nor ausartuko da BBVAk, Iberdrolak eta enparauek Villarejorekin duten harreman toxikoa kritikatzera baldin eta horiek badira komunikabideen jabe?
"Egiaren bilaketa ez da A bertsioaren eta B bertsioaren arteko erdibideko puntu bat aurkitzea. Ez"
Hirugarrena. Espainiako komunikabideen profesionaltasun falta ikaragarria da. La Sexta kate progreena bada, zer espero daiteke eskuindar diren beste kate eta komunikabideen aldetik? Nola liteke oraindik ere Eduardo Inda bezalako pertsonek tertulietan presentzia izatea?
Laugarrena. Egiaren bilaketa ez da A bertsioaren eta B bertsioaren arteko erdibideko puntu bat aurkitzea. Ez. Matematikan erabilgarri izan daitekeenak ez du kazetaritzan balio. Eguraldiaren berri ematen duenean, kazetariak ezin du esan: "Honek dio euria ari duela; besteak, berriz, ez". Kontxo!, kazetaria bazara, ireki leihoa eta begira ezazu euria ari duen edo ez! Antonio Garcia Ferrerasek, kazetaritzaren duintasunen sinesten baldin badu, dimisioa aurkeztua izan beharko zukeen.
Bosgarrena. Trantsizio ekologikoa beharrezkoa den bezala, trantsizio mediatikoa guztiz funtsezkoa da, komunikabideen jabetza dibertsifikatzeko eta herritarron askatasun demokratikoak bermatzeko.
Zoritxarrez ez dut itxaropen handirik. Ez Espainiako agintariengan, ezta Euskal Herrikoengan ere.