Gogo biziz ikusten da jendea. Edozein aitzakia da ona festaz gozatzeko. Poesia eta, oro har, literatura maite dugunok disfrutatzen ari gara Poetak Maiatzean programaren itzulerarekin.
Emanaldi horietako batetik irtetean, Dorisek —nire pasieretako ohiko konfidenteak— hauxe bota dit: "Ez dakit nire susmoa ote den, ala zerbait orokorra den, baina jendea, gazte zein zahar, aztoratu samar ikusten dut; den-dena topera eta momentuan disfrutatzeko asmoz, biharamuna egongo ez balitz edo".
Bizi dugun garai berezia izan dugu hizpide: pandemian sufritutako guztia ahantzi beharra, gerrak areagotutako ziurgabetasuna astindu nahia… Historia ziklikoki errepikatu egiten da. Joan den mendeko bigarren hamarkada ere berezia izan zen: (gaizki izendatutako) espainiar gripearen ondorioak (20-50 milioi hildako ekarri zituena), beste 40-60 milioi hildako utzi zituen lehen mundu gerra… Jendeak eztanda egin zuen, bizi beharra zegoen, batik bat —jakina— lehen mundu gerra irabazi zuten herrietan. Orduan indartu ziren jazz, charleston eta tangoa, adibidez. Janzkeretan ere halako sentsualitate loraldi bat bizi izan zen: emakumezkoen eskoteak luzatu, gonak laburtu, besoak biluztu… eta gizonezkoak bizarreko biloak zaintzen hasi ziren.
Pasieran gindoazela, gure parean, txantxangorri bat pausatu da loretan dagoen aranondo baten adarraren puntan. Dorisek egokiera baliatu du bart izandako amets erotikoa kontatzeko: "Bitxia oso izan da. Erosteko asmo dudan apartamendu bat ikustera joan naiz. Jabeak bi emakume eder ziren, urteetan sartuak, baina gerri lirainekoak. Horietako batek bularraren forma nabarmentzen zion top zuri estu-estu bat zeraman jantzita. Logela izan zitekeena erakutsi didanean, konturatu gabe, nire ukondoak haren titi-burua ferekatu du. Hotzikara batek zeharkatu nau goitik behera. Begira gelditu natzaio. Irria eskaini dit". "Zure dama ezaguna al zen?", galdetu diot irrikaz. "Ez duzu asmatuko", esan dit. Aktore ezagun baten izena xuxurlatu dit belarrira. Begiak argitu eta bekainak kakotu egin zaizkit.
Poetak maiatzean, desirak dantzan.