Izorratuak

"Auzo umila da Zaramaga, baina badira mila motibo duintasuna bilakatzeko bizigai"

"Zorioneko gaude, Txema. Milioi zaparrada ederra etorri zaigu Gasteizera", esan dit Dorisek, nire pasieretako ohiko lagunak. Anglizismoz betetako hitz aspertua bota dit jarraian. "Bai gizon. Ez al duzu entzun? Batetik Europako Next generation funts horietatik 11,4 milioi jauzi dira, bestetik SmartEnCity dago, gero hub mikrologistikoa, Biktimen Memorialaren inguruko eremua hobetzeko proiektua,…".

"Et, et, et,…", hitzaldiaren haria supituki moztu, eta hauxe galdetu diot Dorisi: "Europatik zenbat milioi erori dira Zaramagan?". Zurtuta geratu da, betilun. Berehala erantzun dit: "beno ez Zaramaga, ez Adurtza, ezta Abetxukura ere, ezta?". "Horixe da kontua Doris, horixe", gaineratu dut.

2019ko azaroan Gasteizko Udalak hiriko zenbait auzo eremu degradatutzat jo zituen; besteak beste, Adurtza, Abetxuku, Judimendi eta Zaramaga. Teoriaz zonalde horiek bereziki hobetu beharrekoak ziren. Ezaugarri komunak dituzte: langile auzoak dira, zaharrak eta zaharkituak, ahaztuak eta azpiratuak. Jasan duten hondatzea progresiboa izan da. Bertoko etxe asko eta asko ez dira energetikoki batere eraginkorrak. Zaramagako auzo elkarteak salatu duenez, 427 etxebizitzatan ez dago igogailurik eta populazioaren herena 65 urtetik gorakoa da. Adinekoek eta menpekotasunen bat duten pertsonek ez dute eguneko zentrorik, ezta erresidentzia publikorik ere. Aspaldiko errebindikapenak dira, basamortuan galduak. Auzo umila da Zaramaga, baina badira mila motibo duintasuna bilakatzeko bizigai.

Martxoak 3k 46 urte ditu aste honetan. Biktima ofizialen memorialaren ingurua moldatzeko dirua dagoen bitartean, Martxoak 3 memoriala ez da aurten atonduko, ezta hornituko ere. Orain diote "agian, 2026rako…". Iaz agintariak (gotzaina barne) San Frantzisko elizara dotore asko hurbildu ziren. Argazkiak atera, lore-eskaintza egin eta ospa. Ez dakit aurten hori egiteko adorerik izango duten. "Garbi dago Gasteizen auzo batzuk izardunak direla eta beste batzuk izorratuak", bota diot nire mintzakideari. Dorisek, orain, nire haserrearen arrazoia ulertu duela uste dut.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago