Zanbrana-New York-Zanbrana

Manel Monteagudo poeta.

"Sare sozialetan gutxi ibili arren, guztiei iristen zaie albisteen burrunba"

17:00ak dira. Halaxe adierazi du Zanbranako ezkila-dorretik datorren hotsak. Ebro ibaitik gertu gaude, Burgos eta Errioxako mugetatik hurbil. Gizarte etxean hitzaldia daukat: Albiste faltsuen fenomenoa eta beraiei aurreko egiteko erremintak. Joan den ostiralean izan zen, Hirugarren Adinekoen Elkartegiak antolatuta.

Parte-hartzaileak eskaileretan gora datoz, poliki. Lehen taldean bost etorri dira batera. Gero beste bi. Zazpiak, emakumeak. Bertaratutakoen adina 60 eta 85 urte artekoa da. Bizitzan trebatuak eta saiatuak, beraz.

Konplizitatea laster zabaldu da aretoan. Mingaina azkar askatu da. Hitz egiteko gogoa dago. Gaiak aukera ematen du. Sare sozialetan gutxi ibili arren, guztiei, aldez edo moldez, goitik edo behetik, egunero iristen zaie albisteen burrunba eta harekin batera faltsutasunaren susmoa.

Hizlaria saiatu da faltsutasuna detektatzeko zenbait erreminta eskaintzen. Duela bi aste ezagutu den Manel Monteagudo poeta galegoaren albiste faltsua hizpide nagusia izan da. Entzuleen artean gazteenak ederki daki haren berri: "Nola liteke jendeak hori sinestea?". Izan ere, Monteagudok zabaldu zuen bertsioaren arabera, 22 urterekin —1979an, artean ezkongabea— istripua izan eta koman sartu zen. Handik 35 urtera (2014an) esnatu zen ezkonduta, 57 urte zituela eta bi seme-alaben aita izanda. Protagonistak honela azaldu zuen paradoxa: "Koman egon arren, argialdi uneak nituen". Iji-aja garaia zabaldu da aretoan. "Argialdi ederrak ez ezik, larru sendoa dauka horrek", bota du beste batek.

Ekitaldiaren amaieran, hizlariak hasieratik gordea zuen itauna egin die: "Eta gizonak, non dira?, zergatik ez dira etorri?". Lehen ilaran eseri den Maria Luisak segituan erantzun du: "Denok galdetzen duzue gauza bera. Ez datoz, eta kito. Inoiz ere. Sofan etzanda geratu dira, telebistaren aurrean. Hori bai, bazkaria antolatzen baduzu agudo etorriko zaizkizu. Alperrik da haiekin". Genero arrakala hemen ere.

Zanbrana Ebrotik gertu dago, baina ez dago New Yorketik hain urruti. Han ere, Zanbranan bezala, albiste faltsuen inguruko kezka berbera baita. Planeta osoa zeharkatzen duen mamua dugu. Baita genero arrakalarena ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago