Gaztetuta ikusi dut Doris oporren osteko lehen pasieran. Beste aldarte bat du, beste umore bat. Zerbait gertatu zaiola dirudi. "Oporren ondorioa", pentsatu dut. Aste honetan emandako ibilalditxoan ohi baino adjektibo gehiago erabili ditu: txundigarri, lasaigarri, zoragarri… Harrituta geratu naiz; izan ere, bera ez da oso adjektibo-zalea. Beti aholkatu dit: "Txema, idaztean izenlagun gutxiago erabili; gutxi, baina ongi hautatuak. Badakizu adjektiboak antibiotikoak bezalakoak dira: zenbat eta gehiago erabili orduan eta efektu gutxiago daukate".
Aurten El Hierro uhartean izan da astebetez. Harrituta etorri da. "Zer –galdetu diot– Hierro seriearen arrakastak eraman zaitu hara ala?". "Ez horixe", erantzun dit takar; "erabakia hartu eta gero jabetu nintzen serie horren existentziaz".
El Hierro kanariar artxipelagoko uharterik txikiena da, ezezagunena, hegoalde eta mendebaldekoena. 11.000 bizilagun daude erroldatuta, nahiz eta de facto 6.000 baino ez dira bertan bizi. Edozein tramite, edozein arazo konpontzeko Tenerifera joan behar da. Ez dute hondartza ikusgarririk, ezta azpiegitura turistiko handirik ere. Errepideak estuak, bihurgunetsuak eta gutxi seinaleztatuak dira… Birjintasun horrek sorgindu du Doris. Datu bat eman dit: uharte osoan semaforo bakarra dago, errai bakarreko tunelaren trafikoa kudeatzen duena. Ez da gehiago behar. Zertarako? Bertokoen arabera, "hemen ez dago inoiz istripurik".
Jarraian, gehien markatu duten emozioen zerrenda egin dit: itsaslabar erraldoien belztasuna, kostaldeko zoko bakartien lasaitasuna, alisio haizeen ufada, laurisilvako oihanaren gelditasuna, sabina zuhaitzaren indarra… Bakea topatu du han. "Publierreportajea egiten ari zarela dirudi", esan diot. Zimurtu du kopeta. Iruzkina ez zaio batere gustatu. Gaiez aldatzea erabaki dut.
Euneiz proiektua aipatu eta sumindu egin da Doris. "Azkenean, zer erabaki dute? Berearekin aterako al da gure Querejeta jauna?", galdetu dit. "Horretan ari dira, Doris, horretan". Tenkatu zaio lepoa. Moztu zaio irria. Damutu zait gaiez aldatu izana.
Ongi etorri errealitate gordinera lagunok.