Doris

"Nik orain gehiago dastatzen dut hiriko ezkiek hedatzen duten urrin gozoa"

Maskararik gabeko lehen astea izan da hau. Egia esanda beste modu batera irudikatzen nuen; askoz alaitsuagoa, hunkigarriagoa, askatzaileagoa. Oso desberdina.

Esaterako, harritu nau kalean zenbat jendek, oraindik ere, maskara jantzita daraman ikusteak, batik bat adin batetik aurrera. Pandemiak zaurgarriago bilakatu gaitu, uzkurtu egin gara. Garbi dago. Nik, bai, nik kalean noala kendu egiten dut. Askapena izan da. Usainak berdinak izango ziren maskararekin edo gabe, baina nik orain gehiago dastatzen ditut hiriko ezkiek hedatzen duten urrin gozoa edota parkeetako arrosek oparitzen diguten lurrin sarkorra.

Aurpegierak ere desberdinak dira. Pandemian egin ditugun lagunak maskararekin ezagutu ditugu. Orain, aurpegi osoa ikustean, oso sentsazio kontrajarriak izan ditut. Maskararekin bisaiaren zati handi bat ezkutatzen da, sudurpeko guztia: sudurzuloak, masailak, ahoa, hortzeria, ezpainak, kokotsa… eta hori baino askoz ere garrantzitsuagoa dena: irria, aurpegiaren espresio osoa. Orain informazio gehiago jasotzen dugu. Sorpresak ere hartu ditugu; izan ere, gure burmuinak, hilabeteotan, irudikatu du maskararekin ezagutu dugun pertsona hori musukorik gabe nolakoa izango zen. Eta orain… ezusteak. Errealitatea ez baita inoiz aurrez irudikatu dugun bezalakoa.

Betiko lagun batzuekin ere gertatu zait. Maskararik gabe ikustean argaldu egin direla iruditzen zait. Ahoa, sudurra eta ezpainak inguratzen dituzten giharrak maskalagoak, mengelagoak, ikusi dizkiet. Sentsazio arraroa benetan. Gauza bera gertatu zait telebistako zenbait kaleko kazetarirekin. Maskara jantzita ikustera ohituta, orain beste pertsona batzuk direla iruditu zait.

Atzo, berriz, Dorisekin elkartu nintzen. Bera da nire aspaldiko pasieretako bidelaguna  eta konfidentea. Maskararik gabe etorri da. Bere aurpegierak ahanzturan nuen argitasuna berreskuratu du. Bere sudurra, beti bezain kakoa da (zaila hori aldatzea), baina oro har, pandemiak bere espresioari mesede egin diola uste dut: bere begiek eta irriak betiko distira hartu dute. Hori bai, boterearekiko duen amorrua handitu egin zaio, ordea. Betiko Doris. Eskerrak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago