"Orain txertatu?, segi zuek aurretik badaezpada ere", horrela erantzun zidan lagun batek duela bi hilabete. Lehengo astean berriro mintzatu ginen. Beste ikuspuntu bat zuen. "Noiz izango da gure txanda?", galdetu zidan oraingoan. Urrian Espainiako estatuan hamar lagunetatik soilik bi zeuden berehala txertatzeko prest. Orain sei dira xiringa hartzeko prest daudenak. Zer gertatu da? Argitaratu diren inkesten arabera, zenbait faktore giltzarri izan dira: txertoak atera izana, txertaketa kanpainaren hasiera eta hirugarren olatuaren etorrera. Nik beste faktore bat gehituko nuke: lehen txertaketen inguruan sumatu diren irregulartasunak.
Gauza benetan sumingarriak ikusi ditugu: Basurtuko kudeatzaile ohiaren txertaketak esketx satiriko baterako gidoia ematen du: urtarrilaren 3an egin zuen, sekretuz, bera bakarrik, gauerdian, inori ezer esan gabe, inon diren protokolo guztiak birrinduz. Zuzenbidean gauekotasunez eta azpikeriaz jardutea esaten zaio horri. Beste hainbat kasu eman dira han eta hemen. Jendearen erreakzioa: "Kristoren kopeta dute". Eszeptikoenak ere mudatu dira aburuz: "Ustel horiek txertatu badira, ezin da txarra izan", xuxurlatu zidan lagun berberak. Badakizue, "zer ikusi, hori ikasi".
Hala ere, beste zerbaitek eman dit niri arreta. AstraZeneca enpresak joan den urtean ia 2.600 milioiko etekinak izan ditu. Onartezina da: baliabide publikoekin finantzatu diren txertoak onura estratosferikoak emango dizkie orain multinazional farmazeutikoei. Estatu aberatsetan txertaketa ziztu bizian doa (Israel, AEB eta Erresuma Batuan, kasu). Afrikan eta Asian usaindu ere ez. Eta guk onartu egin behar dugu hori ezer egin gabe, gure txanda noiz iritsiko zain galdezka? Gizateriaren aurkako krimena da. Patenteen jabetza askatu egin behar da, guztiona baita. Planeta osoan mugimendu global indartsua osatzen ari da eskaera hori Nazio Batuetara eramateko. Txertaketa azkarra ezinbestekoa da talde-immunitatea lortzeko. Presionatu ditzagun enpresa farmazeutiko, gobernu eta nazioarteko erakundeak, harik eta gure hatsa beren garondoetan jasanezina egingo zaien arte. Justiziaren alde. Bizitzaren alde.