Tunelaren amaierako argia irudikatzea oraindik ere kostatzen ari zaigun honetan, tarteka-marteka arnasguneak topatzea zoragarria da. Gehiago disfrutatzen ditugu. Ez dira asko une horiek, egoerak ez baititu gauzak erraz ipintzen. Baina, lagunekin kalean topatzen garenean… aurpegia biziberritzen zaigu. Poztasuna sumatzen da begi-ninietan, bekainetan, begitartean.
Topaketok egoera bitxienetan ematen dira: kale erdian, semaforo baten inguruan, beherapenetan, fruta-dendako ilaran, manifestazio batean edota kultur ikuskizun baten amaieran. Nago orain kultur emankizunak gehixeago dastatzen ditugula. Protagonistak hustu egiten dira oholtza gainean. Gertutasuna arnasten da. Hiru adibide jarriko ditut: Sisiforen paperak obra, Korrontziren emanaldia eta Iparragirre kontzertua. Zoragarriak hirurak. Saiatuko naiz hiru hitzen bidez emanaldi horietan jasotako bizipenak adierazten.
Sisiforen paperak: Hunkigarria. Euskaldunon Egunkariaren itxiera salatzeko obran, aspaldi ez bezala, ikusi nuen jendea hunkiturik, begiak lainoturik, maskarak hezetuta, hiruzpalau minutuz zutunik, txaloak astintzen harik eta eskuak zartatu arte. Aktoreei ere malkoak isurtzen zitzaizkien obraren amaieran.
Korrontzi: Pozgarria. A zer banda zoragarria kudeatzen duen Agus Barandiaranek! Zein erraz lortu zuen Principaleko jendea jarleku anakroniko horietatik altxa, tokitik mugitu gabe gorputzak kulunkatu eta, txaloen bitartez, piezak gogotsu jarraitzea. Infernuko hauspoa ez, bihotzeko arnasgailua izan zen hura.
Iparragirre: Maiatagarria. Samaniego abesbatza eta Udal Musika bandaren laguntzaz, Gontzal Mendibilek maisuki asmatu zuen Jose Mari Iparragirreren bizitza gurera ekartzen. Gau hotza zegoen kalean. Barruan, berriz, sutondoko goxotasuna zen nagusi.
Ez dakit behar beste balioesten ditugun herri honetan dagoen kultur sormena eta gure kultur sortzaileen maila. Bizi dugun egoera makur honetan kultur ikuskizunak mundua beste era batera ikusteko zabaltzen zaizkigun leihoak dira. Eta arnasguneak. Balia ditzagun.