Joxemai

Arg: Pixabay

"Joxemaik orduak ematen ditu etengabe erlojuari, hormari eta leihoari begira"

Joxemaik bi urte daramatza zaharren egoitza batean. Duela hamaika urte alargundu zen. Aurten 86 urte beteko ditu. Gaur 90etik gora dituela esango dizu eta bihar 75 inguru. Pandemia hasi baino lehen, Santiago ospitalean egon zen ingresatuta egun batzuk. Larri egon zen; ez Covid-19ak jota. Hala ere, onik atera zen. Esker oneko gizona da. On-puska. Langile porrokatua izan da beti. Gerraosteak soildua eta gerraostean zaildua. Orain, osasunez hobeto ikusten da. Birritan egin diote PCR proba eta bietan negatibo eman du. Baina ezin da egoitzatik irten. Egun osoa bertan ematen du, denbora gehien bere gelan sartuta. Ez du telebistarik nahi gelan. Irakurtzeko ere ez du inoiz ohiturarik izan. Orduak ematen ditu etengabe erlojuari, hormari eta leihoari begira. Pertsiana pixka bat igo eta hodeiak arakatzen ditu. "Ona datorrela dirudi", esaten du bere artekoetan. Erlojua, leihoa, pareta. Gosaldu ondoren, hamaiketako-ordua du buruan. Gero, bazkaria. Lo-kuluxka. Ondoren, merienda eta gero afaria. Segituan ohera. Errutina bera egunero. Gosaria, bazkaria, merienda eta afaria; erlojua, horma, leihoa. Noiz edo noiz parte hartzen du zentroan antolatzen diren jardueretan baina oso gutxitan. Ez zaio gustatzen. Atzo egoitzako langileek bideotxo bat grabatu zioten familiari igortzeko.

-Joxemai, zer esan behar diozu familiari?

-Eskerrik asko.

-Zergatik?

-Kontxo, familia dira eta, etxekoak.

-Zerbait gehiago?

-Asko maite ditudala.

Lixto. Joxemaik ez du inoiz hitz-jario joria izan.

Lehen itxialdiaren ondoren, familiak egunero ateratzen zuen kalera. Gero, birritan bakarrik ahal zen. Arnasa hartzen zuen gizonak. On egiten zion fisikoki eta psikikoki ere. Orain gero eta galduago ikusten da.

Bere egoitzan sei positibo daude (oraingoz). Langileen artean beste bat (gutxienez). Bisitak amaitu dira. Neurriak zorroztu dituzte zeharo. Egoeraren larritasunaz jabetuta, galdera da: irizpide berberak ezarri behar dira zentro eta kasu guztietan? Ondotxo dakit gaia konplexua dela eta mila ertz dituela. Gogoetarako uzten dudan itauna da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago