Urte libre on

"Megafonia etengabe ari zen. Musika eta guzti lagunduta: jende zoriontsua herri libre batean..."

Duela astebete gertatu zen, urtarrilaren 3an hain zuzen ere. Kaleko saltzaile bezala aritzea egokitu zitzaidan, Independentzia eta Posta kaleek bat egiten duten triangelu enblematiko horretan. Ordua: 18:30-20:30 bitartean. Hiru lagun geunden. Hori bai, ongi hornituta: karpa eramangarri xume bat, musika ekipo majo bat, mahai tolesgarri itxuroso bat, kartelak eta esku-orriak.

Eguraldi txakurra genuen. Hotz-beroa: 3,5 gradu. Zirimiri fin batek blaitzen zituen gure zirak eta gure zerak ere; tanta guztiz xeheez osatutako lanbrotxoa zen. Jendea batetik bestera, presaren presaz, azken erosketak egiten.

Kaleko saltzaileen profila oso zabala da. Gurea, berriz, zehatza zen. Gu ez ginen barazkiak edota Idiazabalgo gaztak saltzen ari, ezta AC/DCren kanta mitikoen kopia piratak ere. Ez ginen soldatapekoak. Lan boluntarioa zen gurea, musu-truk edota (agian) katarro baten truk egiten dena. Ez ginen Jehovaren lekukoak, ezta Mugarik gabeko medikuak ere. Gurea beste zerbait zen.

Kaleko saltzaileen lana gogorra da. Odisea txiki bat. Jendearengana hurbildu, zuretzat neutroa dirudien irria oinezko anonimoari eskaini, "arrastion" esan, informazio-orria luzatu eta gero… Erreakziorik ohikoena interesik eza da, erabatekoa gainera. Ez zara existitzen. Ez zaituzte begietara begiratzen. Ez zara inor, traba egiten duen alproja bat baino ez.

Atzean genuen megafonia etengabe ari zen gure produktuaren berri ematen. 94.000 euroko sariak. Musika eta guzti lagunduta: jende zoriontsua herri libre batean

Gure Esku gizarte-mugimenduaren aldeko boletoak saltzen ari ginen. Tripontzia zen "gure produktua". Ez dut uste inoiz guztiz zoriontsu izatera ailegatuko garenik, baina Gure Esku mugimendua bederen saiatzen ari da bizitzea tokatu zaigun mundu arraro honetan gauzak beste modu batera antolatzen.

Boletoak erosi nahi? Urtarrilaren 20ra arte duzu online erosteko aukera tripontzia.eus webgunean. Edo bestela, eskutik eskura, Gasteizko saltokietan. @GureEskuDagoGas kontuan dituzue denak. Urte libre on.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago