Abendu hura bereziki gordina izan zen. Abendua eta negu osoa. 1835ean gaude, Gasteizen. Lehen Karlistaldiak bete betean harrapatu zuen Arabako hiriburua. Hotza, elurra, gaixotasunak eta gerra ziren nagusi. 10.000 biztanle inguru bizi ziren orduan Gasteizen. Gure lurraldea lehia bizian zen tropa liberal eta karlisten artean. Miguel Rikardo Alaba jenerala Espainiako kontsula zen Londresen. Jeneralak misio zehatza zuen: Ingalaterrako armada inplikatu behar zuen Isabel erreginaren alde.
Bizkitartean, Tomas Zumalakarregi jeneral karlistaren tropak Gasteiz inguruan zeuden. Miguel Rikardo Alaba nazioartean zuen ospeaz baliatu zen, baina ez zuen helburua guztiz bete. Ingalaterra ez zen ofizialki inplikatu, baina bide eman zion Britainiar Legio Laguntzailea osatzeari. Milaka batzuk batu ziren. Guztira, 8.000 boluntarioz osatutako armada zen. Gehien gehienak Londresko kantinetan zailduak ziren; ez guda-zelaietan. Horiek guztiak Gasteizera etorri ziren. Haiek, haien goi kargudunen emazteak baita ehunka prostituta ere.
Egoera horrek erabat antzaldatu zuen Gasteiz. Hiritar askok ez zuten begi onez ikusten tropa horien egonaldia gure artean. Hasiera batean, liberalen asmoa zen soldaduok etxe partikularretan sartzea. Baina ezinezkoa izan zen. Gehientsuenak egun desagertuta dauden San Francisco eta Santo Domingo komentuetara bidali zituzten. Han gaixotu eta hil egin ziren asko eta asko. Dozenaka egunero. Soilik britainiarren artean 1.200 zendu ziren, 1835eko abendutik 1836ko ekainera bitartean. Kaotikoa izan zen. Gasteiz izurritearen eta herioaren hiria bilakatu zen; gure historian inoiz izan den tragediarik lazgarriena.
Guzti horren berri zehatzagoa jaso nahi baduzue zoazte, mesedez, Zakatumba elkarteak, Heriotzaren hiria 1835-1836 izenburupean, Antso Jakituna fundazioan (Betoño kalea 23an) antolatu duen erakusketara. Abenduaren 20ra arte duzue zabalik. Izan ere, Arabak oso kultur eskaintza zabala du. Erakusketa hau da horren lekuko.