Udaminez

"Batzuei zoriontasunaren inguruan osatu den industria eta parafernaliak min ematen digu".

Uda osteko lehen zutabean ezin gogoeta sakonik eskatu, are gutxiago gai deserosoak ukitu. "Ez iezaguzu buelta gogorrago egin, Txema", eskatu dit aldameneko lagunak. Nire inguruan begi bistakoak dira udararen osteko ohiko markak: larru azalak ilunago, garagardoaren aparraren arrastoa oraindik ere ezpain ertzetan ikusgai, mugikorretako memoriak argazkiez gainezka…

Aspaldiko lagun bat solasaldira batu zaigu. Isilean etorri da. Balirudike baimen eske elkartu dela taldera. Ohiko galdera egin diogu: "Ongi joan al da uda?". Ez du berehalakoan erantzun. Arnasa hartu eta deblauki bota digu aurpegira: "Ama hilzorian daukat; ospitaletik nator orain. Medikuek diote ez dagoela zer eginik". Han eman du azken gaua, baita azken hamazazpiak ere. Nekea, mina eta sufrikarioaren arrastoak nabariak dira bere aurpegian. Amak 86 urte ditu eta aspaldi alargundu zen. Gure laguna alaba bakarra da, eta berari tokatu zaio zama ia guztia kudeatzea. Udararen b aldea erakutsi digu.

Udaran bakardadearen sentsazioa sakondu egiten da. Berotasuna ere jasangaitzagoa da. Ongi asko dakite hori bakarrik bizi diren adineko pertsonek. Txikikeriak handitu eta mamuak erraldoi bihurtzen dira. Telebistan entretenimendu bila doazenek ere zaila dute ganorazko zerbait topatzea: batean auskalo noizko eta nongo dantza suelto txapelketaren enegarren errepikapena, bestean kloroz betetako sasi-erreportaje arin eta ergelak. Edo are okerrago, Mediterraneoko drama esaten dioten gatazka horren azken kapitulu zatikatu eta ulertezina.

Batzuei zoriontasunaren inguruan osatu den industria eta parafernalia guztiak min ematen digu. Beste batzuk, berriz, askeago egiten omen ditu; une batez bederen. Laster barru esperientzia kitzikagarriagoen bila hasiko dira.

Aldameneko lagunak amaitu du zutabea irakurtzen: "Ai! Ramirez, Ramirez; zu beti udaminez".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago