Jarraitutasuna iragartzen duten emaitzak

Erabiltzailearen aurpegia Txema Ramirez de la Piscina 2019ko eka. 1a, 06:00

"Zenbait komunikabidek Larrionen aurka egin duten kanpaina oso suntsitzailea izan da."

2019-2023 agintaldian ez dira aldaketa handiegirik espero Gasteizko udal Gobernuan. Horrela iragartzen dute igandeko emaitzek. Izan ere, EAJ eta PSE-PSOE-EE alderdiek nabarmen hobetu dituzte beren emaitzak. Okerrik izan ezean, Gorka Urtaranek jarraituko du alkate bezala hurrengo lau urteotan, gehiengo absoluturik gabe bada ere.

EAJk emaitza historikoak izan ditu. 2015ean hirugarren indar politikoa izan zen bost zinegotzi eta 19.826 botorekin (%16,6). Igandean, berriz, 28.241 erdietsi zituen eta zazpi jarleku (%23,8). 1995etik ez zituen horrenbeste boto lortzen. Orduan Jose Angel Cuerdak 29.978 bozka antzeman zituen. Beraz, 24 urteren bueltan, EAJ berriz ere garaile Gasteizen.

"A28-ko emaitzetatik alderdi sozialistari zetorkion aldeko haizeak uste baino indar handiagoa izan du." 

Igandeko sorpresarik handiena, hala ere, beste bat izan zen: Maider Etxebarria buru duen alderdi sozialistaren hautagaitza, hain zuzen ere. 25.524 boto, sei jarleku eta botoen %21,5 erdietsi zituen; hau da, duela lau urte baino 11.282 boto eta bi eserleku gehiago. Beraz, udal gobernuan aritu diren alderdiak 9 zinegotzi izatetik 13 izatera pasa dira. Emaitza on hori ulertzeko gako nagusia, hauxe: A28ko emaitzetatik alderdi sozialistari zetorkion aldeko haizeak uste baino indar handiagoa izan du. Izan ere, inor gutxik espero zituen horrelako emaitzarik, besteak beste, Maider Etxebarriaren gabezia komunikatiboak oso begi bistan gelditu direlako kanpainan.

Miren Larrionek ere bere emaitzak hobetu ditu. 2015arekin alderatuta, 1.205 boto gehiago lortu ditu. Guztira 24.529,     (%20,6). EH Bilduk ez ditu inoiz horrenbeste boto izan Gasteizen ezta Araban ere. Hala ere, Larrion  ez da alkate izango. Bere hautagaitzaren inguruan zeuden aurreikuspenak ez dira bete. Bere kanpaina bikaina izan da. Bere helburua zen historikoki ezker abertzaleari zegokion esparru soziologikoa gainditzea. Eta lortu du, baina ez da aski izan alkatetza lortzeko. Komunikazio politikoan eledun ona izatea ez da aski. Beste hainbat faktorek mugatzen dute politikari baten jarduna. Kasu honetan, kanpainaren bigarren astean EAJk eta zenbait komunikabidek burutu duten Larrionen aurkako kanpaina oso suntsitzailea izan da eta horrek beldurraren botoa aktibatu du.

Last but not least. PPren galera ere historikoa izan da. Lehen indarra izatetik laugarren alderdia izatera pasa baita. Sekulako astindua. Pentsa liteke alderdi honek galdu dituen boto asko EAJrengana joan direla. Izan ere, PPk 13.390 boto, lau zinegotzi eta ehunekoetan 11 puntu galdu baititu hauteskunde hauetan. Elkarrekin-Podemos-en galera ere nabarmena izan da. Nahiz eserleku kopuru bera izan (hiru), alderdi moreak 4.616 boto eta lau puntu galdu ditu.

Beraz, eta laburbilduz, Gasteizko udal Gobernuan ez da aldaketa handirik espero. Zaharrak berri? Ez litzateke ona izango; izan ere, hiriak dituen erronkak handiak dira eta adostasun zabalagoak behar dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide