Bi ikuspegi

"Izutu nintzen jabetzean gurean arrazismoak dituen oinarriak zein sendoak diren".

Zenbat buru, hainbat aburu esan ohi da. Horixe egiaztatu nuen nik Gasteizen joan den astean. Hauxe gertaera, ahalik eta modurik objektiboenean azalduta. Joan den ostegunean izan zen, 17:05ean, Errege-erregina katolikoen kalean. Espaloitik nindoala, lauzpabost txirrindulari ikusi nituen errepidetik. Atzeko parteari lotuta, hauteskunde propagandarako erabiltzen diren euskarri fisiko handi horietako bat zeramaten tiraka, lau gurpiltxoen gainean. Euskarriaren gainean, zutunik panel ikusgarri bat, lauki karratu bat, alde bakoitza metro eta erdi ingurukoa. Panelaren erdian Leticia Comeron PPko alkategaiaren irudia agertzen zen. Txirrindulariak gazte afrikarrak ziren eta euren artean solasaldi ederrean zetozen, atzean zeramaten kargari axola gehiegirik egin gabe. Saiatu nintzen kartelak zeraman leloa irakurtzen. Ez nuen astirik izan. Arraroa iruditu zitzaidan eszena, batik bat formalki bederen maiatzaren 26ko hauteskundeetarako kanpaina hasteko dezente falta delako.

Horretan nengoela, eszenak sortu zizkidan gogoetei bueltak ematen, hara non 70 urte inguruko emakume ezezagun bat hurbildu zitzaidan, oso tonu hurbilekoa erabiliz hauxe esateko: "Estos son los que nos quieren gobernar" [Hauek dira gobernatu nahi gaituztenak]. Ez nekien PPkoez ari zen edota txirrindulariez ari zen. Hurrengo esaldiak deblauki argitu zidan zalantza: "Me han dicho que han metido hasta a marroquís en las listas electorales: no hay derecho!" [Esan didate hauteskunde zerrendetan marokoarrak ere sartu dituztela; ez dago eskubiderik!]. Harri eta zur gelditu nintzen, zer esan jakin gabe. Eztarrian sortu zitzaidan korapiloa irentsi eta ez erantzutea erabaki nuen. Agur esan eta aurrera jarraitu nuen etxerantz.

Izutu nintzen jabetzean arrazismoak gurean dituen oinarriak zein sendoak diren. Lan mardula dugu aurretik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago