Seguru asko irakurle, dagoeneko, sumatu duzu. Lau hilabete baino ez dira falta udal hauteskundeak izateko. Izan ere, aspalditik hautagaiak eta alderdiak mezuak zabaltzen ari zaizkigu gure arreta eta boto-asmoa erakartzeko. Xuxurlatzen batzuetan, oihukatzen besteetan.
Duela lau urte zerbait berezia gertatu zen Gasteizen. Aliantza eta konplizitate ugari ehundu ziren eta, horren ondorioz, mezu xenofoboa ordezkatzen zuen hautagaiak alkatetza galdu zuen (nahiz eta politikari horren alderdia indarrik bozkatuena izan).
2019an gaude, ordea, eta gauzak dezente aldatu dira, ez beti onerako. Aurtengo hauteskundeak desberdinak izango dira, besteak beste, Final Fourra kanpainaren erdi-erdian egokitu delako, maiatzaren 17tik 19ra bitartean, alegia. Hauteskundeak, maiatzaren 26an. Horrexek baldintzatuko du kanpaina, jendearen eta komunikabideen arreta lortzea zailagoa izango da.
Inkesten arabera, hiru hautagaik dute alkatetza eskuratzeko aukera: PPko Letizia Comeronek, egungo alkate Gorka Urtaranek eta EH Bilduko eledun Miren Larrionek. Comeron ez da lar ezaguna Gasteizen, baina PPren marka du atzean. Galdera da: Vox-ek kenduko dion koska lehen postua galtzeko adinakoa izango al da? (gogoan izan PPk orain bederatzi zinegotzi dituela). Urtaran, jakina, ezagunagoa da. Nago, ordea, lau urteotan ez diola karguari behar besteko distirarik atera. Itauna: EAJk duen aldeko haizeak lehen postua emango al dio? (ez ahaztu jeltzaleak hirugarren indarra direla, bost jarlekurekin). Larrion hautagairik baloratuena da inkestetan. Inkognita: Larrionek lortuko al du ezker subiranistak Gasteizen duen esparru/muga soziologikoaz harago iristea? (Bildu, egun, bigarren indar politikoa da sei zinegotzirekin). Ez dirudi sozialisten hautagai ia ezezagun Maider Etxebarriak aukera askotxo duenik. Zer esanik ez, (Des)unidos Podemos-ekoak.
Modu batera edo bestera izan, hautagai guztiek ahalegin estra egin behar dute euren esparru naturalagoaz harago iristeko, alkatetza lortu nahi badute. Eskertzekoa litzateke, nahasmena eta zarata nagusi den honetan, euren mezu politikoa argia, zehatza eta bateratzailea izatea. Eta, denok, garbi jokatzea, azpijoko eta gezurretan ibili gabe.