Gure GPSa

Erabiltzailearen aurpegia Txema Ramirez de la Piscina 2018ko aza. 20a, 17:22

"Denok partekatzen ditugun erreferente oso onak ditugu, eta ez ditugu behar bezala balioesten".

Egia al da gasteiztarrok adostasunera iristeko dugun ezintasuna genetikoa dela? Batzuen ustez, gure identitate propioaren erakusle da. Sarritan, kalean nahiz tabernan, eskolan nahiz lantokian, entzun dugu honelako zerbait: "Gurean ezinezkoa da zerbaitetan ados jartzea. Hori da hiri madarikatu honen patua. Ez dugu erremediorik, Bilbon, berriz…". Agian, herri izatetik hiriburua izateko bidean erantsi zaigun konplexua da.

Joan den astean, Goya gasolindegi zaharraren etorkizunaz piztu den zalapartaren haritik, hauxe bota zidan bat-batean lagun batek kalean:

-Txema, honez gero Gasteiz mundiala dela ba al zenekien? 

Eta nik: Zer bada?

-Gure GPS partikularra dugu jauna; oso gurea den Gasteiztar Petoaren Sindromea: adostasunera iristeko ezintasuna, hain zuzen.

Purrustada bota eta gero, alde egin zuen gizonak; munduarekin haserre balego bezala, diosalik gabe. Egia esanda, lagunak esandakoari ez nion grazia handiegirik topatu, baina zer pentsa eman zidan. Errepaso egiten hasi nintzen. Desadostasun historiko edo auzi amaiezinen zerrenda handia da: Auditoriuma, autobus geltoki berria, intermodalaren kokapena, tranbiaren ibilbidea, Gasteiz antzokia, Goya gasolindegia… nahi adina osatu liteke zerrenda. Beste errepaso bat ere egiten hasi nintzen: gizarte-etxeak, eraztun berdea, alde zaharraren birgaitzea, autogestiorako eremuak, hiriak duen kultura-aniztasuna… Denok partekatzen ditugun erreferente oso onak ditugu gure artean eta ez ditugu behar bezala balioesten. Bigarren zerrenda osatu eta gero, ilun nuen kopeta zertxobait alaitu zitzaidan. Izan ere, ondasun material eta immaterial horiek ere hiriaren marka dira eta ez soilik gure ditxosozko biribilgune madarikatu horiek.

Gasteiztarrok kanpora goazenean harro egoteko motibo dezente ditugu; lotsarazteko ere bai, noski. Huskerietan katramilatzeko dugun gaitasuna handia da, baina hori lehia politikoaren ondoriorik ziztrinena da. Hemen bezala, Donostian, Iruñean, Baionan edota Bilbon ere; mundu ia osoan esango nuke. Beraz, ez dakit oso gurea ote den lagunak saldu nahi zidan GPS hori. Nire ustez, sentimendu hori hanpatuegi dago. Ez da hainbesterako. Gainera, Gasteizen ibiltzeko ez da GPSik behar. Koordenadak buruan garbi izanda zertarako tramankulu hori? 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide