Munduari so

"Ederra da gauza ttipien handitasunaz jabetzea eta ingurukoekin partekatzea".

Non gelditu da oporren lurrina? Non solasaldi patxadatsuen irria edota erlojurik gabeko arratsak? Lanean hasi eta gurpil zoroan murgildu. Biak bat etorri dira. Nago gauzak ez ditugula behar bezala balioesten, daramagun erritmo itogarriak dastatu berri ditugun momentu on-onak eta arestikoenak ere berehala ezabatzen dizkigulako.

Atzo leihotik begira jardun nuen hamar bat minutuz, kalean, inguruan gertatzen zenari so, presarik gabe, helburu zehatzik gabe. Munduari begira. Etxe pareko parkean ohiko zakur paseatzaileak zebiltzan. Maskotei egur ttipiak bota, eta haiek zintzo-zintzo (zintzoegi) eskura bueltatzen zizkieten segituan. Tarteka-marteka beste paseatzaile batzuekin bat egin eta hizketan jarduten zuten, harmoniatsu, olgeta bizian. Asko ligatzen omen da parkeetan.

Bat-batean etxe azpian dagoen haur eskolako haurrek nire arreta bereganatu zuten. Urte eta erdikoak edo izango ziren. Ezin nien entzun, bai ordea haien algara eta poza antzeman. Arrapala txiki baten inguruan zebiltzan gora eta behera, euren lehen urratsak gozatzen, dastatzen, esploratzen. Ausartenek abaila hartzen zuten aldapatxoa azkarrago igotzeko. Zenbaitek lurrean amaitu zuten, baina segituan altxatzen ziren ezer gertatu izan ez balitz bezala.

Bakean nengoen. Horretan nengoela memoriak Urbasako basora egin zuen salto, udara honetan egindako txango batera, "Artzainen ibilbidea" izenekora hain zuzen. Oso egun lasaia izan zen. Tenperatura, perfektua. Inor gutxi zebilen mendian. Behien zintzarriak entzuten ziren, baina urruti. Olaztitik Zudaidera zihoan galtzada zaharretik joan ginen, astigar, elorri eta pagoen artean, zozo eta birigarroak entzunez. Pagadiaren gelditasun erabatekoak harrapatu gintuen. Haize izpirik ere ez zebilen. Txundigarria.

Horretan nengoela, klimaxetik gertu, sukaldetik zetorren zaratak mundu honetara ekarri ninduen. Aznar zegoen telebistan, orroka, burdinazkoak diruditen masail horiek astintzen. Gora eta behera bera ere. Aparailua itzali nuen. Bere mezuaz jabetzeko aukerarik ez nion eman.

Orduan konturatu nintzen zein ederra den gauza ttipien handitasunaz jabetzea eta ingurukoekin partekatzea. Eta zein baliagarria den, batzuetan, leihotik begira minutu batzuk "galtzea". Munduari so, jendeari beha.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago